306 argi puntu berritu ditu Ordiziako Udalak

Ordizia. Argiteria

Ordiziako Udalak herriko argiteria sistema aldatzeko lanak hasi ditu dagoeneko. Hain zuzen ere, ia herrigune guztiko argi puntuak aldatu dituzte; guztira 306 puntu. Orain daudenak baino kontsumo ekonomiko baxuagoa dutenak jarri dira, LED sistema erabiltzen dutenak. Sistema honek helarazten duen argia zuria da horia beharrean, eta horrek berak argitasun gehiago ematen du, eta, era berean, argiak sor dezakeen kutsadura gutxitzen du.

Lan hauen esleipena 142.262,12 eurokoa da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du egitasmoa, 29.896 eurorekin. Aldaketaz Aizkorpe enpresa arduratu da. Gorka Gomez, enpresako ordezkariak hala azaldu du aldaketa: “dagoeneko ia puntu guztiak aldatu ditugu, eta alde zaharrari dagokionak bakarrik gelditzen zaizkigu. Lan hauek ez dute trafikoan inolako eraginik izango, eta egun gutxitan egiten diren lanak izanik, datozen egunetan amaituko dugu aldaketarekin”. Malkaskotik hasi, Joseba Rezola kalea igaro, Gudarien etorbidea eta Eskarabillako auzoetan egin dira hobekuntzak, besteak beste. Plaza Nagusian ere aldatu da sistema.

Ordiziako Udalaren helburua da herriko argiteriak ondo funtzionatzeaz gain, ahalik eta kontsumo ekonomiko gutxien izatea, eta aldaketa honekin horixe bera lortuko da. Hain zuzen ere, urtean zehar, 26.196 euroan murriztuko da kontsumoa. Maitane Alvarez alkateordeak horren “garrantzia” nabarmendu nahi izan du: “aldaketa hauek txikiak badira ere, alde handia suposatzen dute. LED teknologia erabiltzen duen argiteriari esker energia kontsumoan aurreztuko dugu eta argiak eragiten duen ingurumen kutsadura gutxituko da, Ordizia argituta mantenduz”.

Asfaltatze lanak egingo dira Gernikako Arbola pasealekuan

Asfaltatze lanak Ordizia

Bihar eta etzi, osteguna eta ostirala, asfaltatze lanak egingo dira Gernikako Arbola pasealekuko 36 zenbakiaren parean, Majori Kiroldegiko aparkalekurako sarreran. Horregatik, bidea moztuko da. Horretarako Gernikako Arbola bi noranzkoetan ahalbidetuko da pasoa emango duten semaforo bidez.

Trafiko mozketa bi egunetan goizeko 9:15etan aktibatuko da eta 18:00ak arte mantenduko da.

Asfaltatze lanak

MARTXAN DA URDANETA KALEKO OBRA

Kale honetako azken zatia berritzeko lana lau hilabetetan burutuko da

Aste honetan Urdaneta kaleko 68. zenbakia eta Beasaingo muga arteko zatiaren urbanizazioa berritzeko lanak hasi dira.  Obra amaitzeko lau hilabete beharko dira, gutxi gora behera. Euri eta ur zikinen saneamendua, ur-hornidura, espaloia eta errepideko zorua berrituko dira.

Urbanizazio obra hau Ur Kontsortzioak eta Udalak elkarlanean egingo dute, beste behin, bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren baitan eta Gernikako Arbolaren pasealekuan apiriletik burutzen ari den obra bezalaxe.

Ekimen hauekin hirigintza arloko beharrak asebete nahi dira, herri segurago eta atseginago baten alde eginez.

GAUEKO LANAK TREN GELTOKIAN

Ordiziako tren geltokian irisgarritasuna hobetzeko Adif erakundea egiten ari den obra dela-eta, datozen egunetan hainbat lan egiteko langileak gauez ariko direla ohartarazi du. Bi gau izango dira, zehatz mehatz, 24tik 25erakoa  eta 25etik 26rakoa eta 22:00etatik 06:00ak bitarteko ordutegian. Tren trafikoa ekiditea beharrezkoa delako eta segurtasuna bermatzeko egingo  da lana bi gau horietan. Ahalik eta eragozpen gutxien eragin nahi da, baina zarata erabat mugatzea ezingo da eta inguruko bizilagunek ulertzea eskertuko da.