UDALAK 11.000 EURO DITU IRISGARRITASUN OBRAK DIRUZ LAGUNTZEKO

Eskaerak azaroaren 30a baino lehenago aurkeztu behar dira

Ordiziako Udalak udalerriko etxeetan irisgarritasun arazoak konpontzeko obrak egiteagatik dirulaguntza emateko deialdia zabaldu du. Diru-laguntzak  2015ean baimendu eta  2016ko ekainaren 30 baino lehen amaitu diren lanei emango zaizkie.

Aurkeztuko diren eskaerei aurre egiteko, 2016ko aurrekontuan 11.000,00 euroko kopurua aurreikusi da. Itzuli beharrik gabeko zuzeneko diru-laguntza bat denez, eraikin bakoitzeko etxebizitza-kopuruarekiko proportzionalki banatuko da, betiere baldintzak betetzen dituzten eskaera guztien artean.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

TAXI GELTOKIA AMPUERORA ERAMANGO DA

Ezinduentzako aparkatzeko plaza berriak jarriko dira Garagartzan

Garagartza plazako taxi geltokia lekuz aldatuko da datorren astean. Hala, Ampuero kalean izango du kokapen berria, hau da, tren geltoki aurrean dagoen kalean. Aste honekin  egin nahi dira pintaketa lanak, eguraldiaren arabera, eta ondoren izango litzateke leku aldatzea. Leku-aldatze honi esker, Garagartzan aparkaleku gehiago izango dira erabilgarri. Zehatz-mehatz, lau plaza berri jarriko dira ezinduen txartela dutenentzat.

Pintaketa lanak Ampueron eta Garagartzan ez ezik, beste hainbat gunetan egingo dira: Gudarien etorbidean, Gernikako Arbolaren pasealekuan, Bizkaia pasealekuan eta Zuberoa kalean, besteak beste.

BALDEAK DATORREN ASTEAN JASOKO DIRA

Ez da derrigorrezkoa bueltan ematea

Hondakinen bilketa zerbitzua aldatu ondoren, datorren astean ‘atez ateko’ baldeak jaso egingo  dira. Asteazken goizean kalean daudenak, Udalak jaso egingo ditu. Baldeak norberak gorde ditzake nahi izanez gero. Hala, kalean edukiz gero, aipaturiko eguna baino lehen jaso egin behar dira. Etxean eduki eta entregatu nahi dituztenek, bi aukera dituzte:  udaletxera eraman ditzakete astelehenetik aurrera (goizean arreta bulegoan edo arratsaldean udaltzaingoaren bulegora)  edo kalean utzita asteazkenerako.

EZINDUEN APARKATZEKO GUNEEN ERABILERA ZAINTZEKO KANPAINA JARRIKO DA ABIAN

Udaltzaingoak ibilgailuen baldintza teknikoaren egoera ere begiratuko du

Ordiziako Udaltzaingoak datozen egunetan trafiko kanpaina bikoitza egingo du. Loturarik ez dute biek. Alde batetik, datorren astean, Udaltzaingoak ibilgailuen  baldintza teknikoen zaintza berezi bat egingo du. Bestetik, datorren astean hasi eta hurrengoetan ere, eragozpen fisikoren bat dutenentzat aparkatzeko dauden tokien erabilera zuzenaren jarraipena egingo du.

Udal ordenantzak pertsona hauentzat aparkatzeko denbora mugak ezartzen ditu. Aparkatzeko gune urdinetan autoak epe batez utz daitezke egunean zehar. Epe hori desberdina da, gunearen arabera, eta zehaztuta dago tokian bertan. Eragozpen fisikoa duten pertsonek denbora bikoitza aparka ahal dute, beti ere eragozpena dutela zehazten duen txartela autoan ipiniz.  Pertsona hauentzat dauden plaza espezifikoetan berriz, lau ordukoa da autoa uzteko gehiengo denbora, beti ere goizeko 8:00etatik 22:00ak bitartean.

Jakina, gune hauetan txartelarekin aparka daiteke eta ezindua izan behar du autoaren gidaria edo erabiltzailea. Datorren astean zehar gaizki jokatuz gero abisua jasoko da. Epea hori pasa eta gero dagokion santzioa jarriko da.