ABUZTUA OBRATAN

Ordiziako Udalak Arramendi, Bizkaia, Arana, Orexa parkean eta Urdanetako eskolan hobekuntzak egin ditu

Abuztuan zehar Ordiziako kale eta txokoetan dagoen lasaitasuna aprobatxatu du Udalak berrikuntza lanak egiteko. Hala, oporretatik itzultzean hainbat hobekuntza antzemango dituzte herritarrek.

Alde batetik, Arramendi kalean eta Bizkaia pasealekuan asfaltoa berritu eta zorua margotu da. Arramendi kalea osorik egin da eta Bizkaia pasealekua, Tximistako zubitik Orexa parkera arte.

Bestetik, Orexa parkeko zorua aldatu da eta Urdaneta haur eskolako parkea erabat berritzen ari da Udala, zorua eta jolasak barne.  Aste honetan bertan bukatuko da lana. Era berean, Urdaneta ikastetxeko sarrera konpontzeko obrak gauzatzen ari dira. Obra hau ere aste honetan bukatzea aurreikusten da.

Bestalde, Udal langileak Arana kaleko terrazako barandila guztia margotzen ari dira. Irailaren erdirako amaitzea aurreikusten da.

Amaitzeko, Urdaneta kaleko zubitik Caf lantegira daraman bidegurutzean margotutako  biribilgune txikia egonkortzeko obra egin da. Helburua gune horretan segurtasuna hobetzea da. 

ORDIZIAKO PANTAILA AKUSTIKOEN BIGARREN LERROA JARTZEKO LANEAN ARI DIRA

Lanak gauez ari dira egiten trafikoarentzat oztopo ez izateko

Martxa onean hasi da trenbidearen eta N-1 errepidearen artean, Ordiziako Euskal Pilota eta Buztuntza auzoen artean, pantaila akustikoak jartzeko obra. Bigarren faseari dagokio lana, aurreikusita zegoen bezala, iaz errepidearen beste aldean lehenengo pantaila lerroa jarri eta gero.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu du bere gain proiektua osotasunean. Kasu honetan, pantaila akustiko bejetal bat diseinatu da,  zarataren xurgapen ezaugarriengatik eta ingurunean ondo integratzen delako, N-1 eta trenbidearen artean hesi berdea eginez. Zarataren xurgapen funtzioa bi aldeetan egiten denez, N-1etik eta trenbidetik datorren zarata gutxituko da. Alde honetan ere lau metroko altuera izango du panelak.

Lanak gauez egiten ari dira astegunetan, 21:00etatik 6:00etara; eta batzuetan egunez asteburuetan, 6:00etatik  15:00etara. Astegunetan trafikoa oso handia da eta N-1 errepideko errail bat itxi beharra dagoenez egiten da lan gauez.

Obra uztailaren amaierarako edo abuztuaren hasierarako bukatzea aurreikusten da. Aurrekontua 165.000 eurokoa da.

OKORROBIDEA BERRITZEKO LANAK HASI DIRA

Hobekuntzaren helburuetako bat ur isuriak konpontzea da

Okorrobidea kaleko urbanizazioa berritzeko lanak aste honetan hasi dira. Zortzi asteetako epean burutuko dira. Obraren aurrekontua 171.000 eurokoa da. Aukera aprobetxatuz, Udalak Gipuzkoako Urak, ur kontsortzioarekin hitzarmena lotu du ur-saneamendua ere berritzeko.  Honen bidez, euri-urak eta ur zikinak bereizteko sistema ezarriko da eta ur-horniketa berrituko da.

Proiektua zehazteko,  kale honetako bizilagunen laguntza eta parte-hartzea eskatu zen. Hala, bereziki, eremuan aparkatzeko dagoen plaza kopurua mantentzeko eskatu zioten Udalari. Izan ere, proiektua irisgarritasun arauetara moldatzerakoan parkinga murrizteko aukera zegoen leku faltagatik urbanizazioan orokorrean. Azkenean, obraren diseinua bizilagunen beharretara moldatu da. Kaleko zenbaki pareen aldeko espaloiari bi metroko zabalera emango zaio.

HOBEKUNTZAK ORDIZIAN

Rezolako aparkalekua asteazken honetan zabaldu da handitu ondoren, Arramendibidea asfaltatu da eta Okorro kaleko obra hastear dago

Udalerriko hainbat eremuetan egin berri diren edo hastear dauden hobekuntza lanekin amaituko da urtea. Azaroan tratamendu ez labaingarria eman zen Goierri eta Filipinak kaleetako gune batzuetan. Ondoren, Arramendibidea konpondu da, Joseba Rezolako parkina handitu eta berritu da eta Okorro Kaleko urbanizazioa berritzeko lanak hastear daude.

Rezola pasealekuaren parean, tren geltokiaren segidan dagoen parkina asteazken honetan zabaldu da berriz handitze eta berritze lanak amaitu ostean. Aparkatzeko hamalau plaza gehitu dira Adif erakundearekin, eremuaren jabearekin, adostu eta gero. Bide batez, aparkaleku osoko zorua berritu eta trafikoaren noranzkoa aldatu egin da. Hala, orain  lehen sartzeko erabiltzen zen bidetik irten egin behar da. Sartzeko, berriz, lehen  irteteko erabiltzen zen sarbidea prestatu da. Alderantziz, alegia. (...)