Image
Image

UDALEKU IREKIAK, EKAINAREN 24TIK

Aurretiko izen-ematea zabalik egongo da maiatzaren 10era arte

Ordiziako Udaleko Euskara Sailak udako UDALEKU IREKIAK antolatu ditu.

2008 eta 2014 urte bitartean jaiotako haurrei zuzenduriko udaleku hauek udan  aisialdian euskaraz gozatzea eta herriko haurren arteko harremanak euskaraz izatea dute helburu eta horiek lortze aldera makina bat jolas, tailer, ekintza…antolatuko dira.

Lau aste iraungo dute, ekainaren 24tik uztailaren 19ra, eta goizez burutuko dira (10:00-12:30) Jakintza ikastolako eta Urdaneta ikastetxeko  zaintza eta jangela zerbitzuekin koordinatuta.

Aurretiko izen-ematea maiatzaren 10era arte egongo da zabaliketa izena emateko fitxak dagoeneko herriko ikastetxeetan banatuta daude. Plazak mugatuta daude, 120 haurrentzako tokia dago eta behar izanez gero zozketa egingo da.

Izena emateko bideak hauexek dira:

-Ordiziako Udaleko Euskara zerbitzuko webgunearen bitartez:  www.ordizia-euskaraz. eus

-Aurretiko izen-emate fitxa behar bezala osatuta ondoko bulegoetan entregatuz:  Euskara zerbitzuan (9:30-15:00) edo Gazteria bulegoan (goizez,11:00-13:00 / arratsaldez, astearteetan eta ostegunetan, 16:00-18:00).

Maiatzaren 16an onartuen zerrendaargitaratuko da aipatutako Euskara Zerbitzuko web orrian eta behin betiko izen-ematerako beharrezko dokumentazioa eta matrikula egiteko kontu-zenbakia helaraziko zaizkie plaza lortu dutenei.

Matrikularen kostua honakoa da:

Arrunta: 85€

Anai-arreba gehiago matrikulatuta: 75€ bigarrenetik aurrera.

DBE laguntza jasotzen duten familiak: 18€

Udalekuak: ESKU-ORRIA 2019 FOLLETO (pdf)

INFORMAZIO GEHIAGO:  943 805 622 / 943 805 634    www.ordizia-euskaraz.eus

AZOKAN EUSKARA ARNASTEN DA

Herriko gazteek euskararen erabileraren berri eman eta etorkizunerako proposamenak egin dituzte

Azken kale-neurketaren arabera, euskararen erabilerak gora egin du Ordizian, eta etorkizunean ere gora egiten jarraitzeko, beharrezkoa izango da euskara erabiltzeko eremuak zabaltzea eta indartzea. Eremu horietako bat, hain zuzen ere, Ordiziako asteroko Azoka da, Ordiziaren ikur eta bereizgarri nagusietako bat, herriari bizitasuna eta arnasa ematen diona; euskararen erabilerari dagokionez, askok jotzen dute Ordiziako azoka euskararen arnasgunetzat, alegia, euskara nagusi den eremutzat.

Hori horrela den jakiteko eta etorkizunean ere izateko, Ordiziako Udalak asteroko Azokako euskararen erabileraren diagnosia egitea erabaki zuen Elhuyar Aholkularitzarekin elkarlanean, baina eginkizun horretan bereziki inplikatu nahi izan zituzten herriko gazteak; izan ere, gazteak izango dira etorkizuneko helduak, Azoka bizirik mantenduko dutenak. Horrela, proiektuan parte hartzeko gonbita egin zieten Jakintza ikastolako eta Oianguren Institutuko irakasleei eta ikasleei.

Elkarlan horren emaitzen berri emateko elkartu dira ostiral honetan Plaza Nagusian ikastetxeetako gazteak eta aipatutako eragileak.

Hausnarketa, trebakuntza, neurketa, ondorioak, proposamenak..

Proiektu honetan, lehenengo, gazteekin Azokaz eta euskararen egoeraz hausnartu zuten, baita trebakuntza jaso ere: euskararen bilakaera eta egoera, zer den arnasgune bat, euskarak arnasguneak izatearen garrantzia, hizkuntza-ekologia, hizkuntza gutxitua eta hegemonikoa, hizkuntzak indartzeko aukerak…; gero, gazteek euskararen erabilera neurtu zuten Azokan eta inguruetan; azkenik, ondorioak atera eta proposamen zehatzak egin zituzten etorkizunean Azokan euskara indartzeko.

Gazteek egindako neurketaren arabera, Azokan euskara da nagusi, erdiguneko azokarien 4tik 3k euskaraz dakitelako eta euskaraz hitz egin ohi dutelako gehienek. Halere, gaztelaniak ere presentzia eta erabilera handia dauka; izan ere, neurtutako elkarrizketetatik, hamarretik lau euskaraz izan ziren eta sei gaztelaniaz; hizkuntza-paisaiari erreparatuta, berriz, oro har kartel gutxi daude, baina horietatik, denetarik dago: euskara hutsean, ele bietan, gaztelania hutsean… Beraz, euskararen erabilera eta presentzia ez da berez espero zitekeena bezain handia.

Azoka, berez, salerosketarako gunea da, baina beste funtzio garrantzitsu batzuk ere betetzen ditu, eta horietako bat da harremanetarako eta sozializatzeko gunea izatea. Gainera, ordiziarron nortasunarekin oso lotuta dago eta harro aldarrikatzen ditugu Azokaren berezitasunak. Ezaugarri berezi horietako bat, hain zuzen ere, euskara da, eta Azokara etortzen denak euskara entzutea espero du, badaki euskaraz eskatu ahal izango duela eta Azoka inguru euskalduntzat jotzen du; ez da harritzekoa, Goierri bera euskararen etxea eta Azoka goierritarren bilgune izanik, eta horregatik euskara bera arnasteko aukera dago azoka honetan. Azokari gehienak euskaldunak dira, baita erostera datozenak ere, eta asteazkeneroko harreman hori euskaraz izateko oso baldintza egokiak daude; euskararen presentzia eta erabilera bermatuz gero, erosle askori gertutasuna, lasaitasuna, konfiantza… erakusteko bidea zabaltzen zaie.

Neurketak erakutsi du Azokan euskaraz egiteko oso aukera onak daudela eta gehiago ere erabil daitekeela, eta horretan lagun dezaketela guztiek (azokariek, erosleek eta bisitariek), etorkizunean Azoka benetako arnasgune izateko. Hain zuzen ere, gazteek proposamen zehatzak egin dizkiete Azokan parte hartzen dutenei eta eragileei.

EGIZU EUSKARAZ! 2018KO ERRENTA AITORPENA

2009tik gora egin du aitorpena euskaraz egiten duen herritarren portzentajeak

Lazkao, Beasain eta Ordiziako Udalek EGIZU EUSKARAZ! kanpaina jarri dugu martxan. 2009az geroztik urtero egiten dugu kanpaina, euskaraz egiten diren aitorpenen kopurua hazteko helburuarekin.

Kanpainan, esku-orriak banatu dira etxez etxe eta herriko toki jakin batzuetan ere utziko dira, edonoren eskura. Horrekin batera, Euskara zerbitzuak errentaren aitorpena egiten duten aholkularitza zerbitzuekin harremanetan jarri dira, eta kanpainarekin bat egiteko eskatu diete herritarrei Leire Artola eta Joxi Iturrioz, Beasain eta Ordiziako zinegotziek.

Kanpainaren helburua

Helburua da hastear den errentaren aitorpenaren kanpainan, iaz baino herritar gehiagok egitea deklarazioa euskaraz.

Honakoak dira euskaraz egindako aitorpenen portzentajeak  urtez urte:

Urtea

Beasain

Ordizia

Lazkao

2009

8,37

8,29

15,52

2010

9,77

11,79

16,55

2011

11,42

13,49

19,24

2012

13,50

14,89

22,15

2013

14,44

16,73

23,76

2014

15,60

17,10

25,61

2015

17,49

18,19

27,01

2016

17,87

18,54

27,88

2017

18,72

19,71

27,47

 

Errenta aitorpena ere euskaraz

2018 urteari dagokion errenta aitorpena egiteko kanpaina apirilaren 15ean hasi eta uztailaren 1ean amaituko da, baina apirilaren 8tik aurrera etxera bidalitako autolikidazio proposamenak onar daitezke. Errenta aitorpen mekanizatua edo internet bidezkoa egin nahi baduzu, apirilaren 15etik aurrera egin ahal izango duzu (horretarako hitzordua apirilaren 12tik aurrera eska daiteke).

Hiru bide daude aitorpena egiteko:

  1. Autolikidazio proposamena
  2. Mekanizatua
  3. Internet bidezkoa

Aukeratutako bidea edozein dela era,  ez dago inolako arazorik aitorpena euskaraz egiteko, eta euskaraz egin nahi duzula esan besterik ez duzu egin behar. Nola?

Autolikidazio proposamena

Proposamena eta gutuna ele biz jasoko dituzu, eta, onartzeko garaian, euskaraz nahi duzula esatea baino ez duzu. Aurtengo behin betiko deklarazioa euskaraz bidaliko dizute, eta aurrerantzean ere hala egingo dute.

Mekanizatua

Haziendako bulegoan hitzordua eskatzerakoan, esan Haziendarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula.  Horrez gain, aitorpena egitera joatean, eskatu agiria euskaraz ematea nahi duzula.

Internet bidezkoa

Aholkularitza zerbitzura joatean, espresuki adierazi aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Internet bidez errenta programa jaitsiz gero, berriz, euskarazkoa aukeratu.

Euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi badugu behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunak aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea; hau da, gutako bakoitzak hizkuntza hautatzeko dugun aukeraz baliatzea. Beraz, egizu euskararen aldeko aukera.

EUSKARALDIA, JASO ZURE TXAPA

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldian parte hartzeko izena eman baduzu, Ahobizi eta Belarriprest txapak ondoko lekuotan jaso behar dituzu:

+19-23:  Euskara Zerbitzuan (udaltzaingoaren goiko aldean), 11:00-13:30

+19-21: Goiztiri AEK euskaltegian, 10:00-14:00

+19-20:  Villa Eugenian (Jakintza ikastola), 16:30-18:00

+21: Urdaneta ikastetxean, 16:30-17:30

+21 eta 22: Barrenan (sarreran), 18:00-20:00

Eta izenik eman ez baduzu, lotura honetan klikatzearekin (https://izenematea.euskaraldia.eus/ ) nahikoa da.

Anima zaitez!

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image