Ordizian astelehenero elkartzen da Euskaraldiaren batzordea Barrenan

Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen digu Euskaraldiak: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Ordizian ere ostiral honetan egin da aurkezpen festa eta izena emateko aukera zabalik dago.

Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan…

Horrenbestez, 11 egunez  hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa kolektibo bat egitea da proposamena, indarra ulermenean jarrita. Partaideek bi rolen artean aukeratu behar dute: ahobizi eta belarriprest. Ahobiziek, 11 egun horietan, euskarari eutsiko diote solaskideak euskaraz ulertzen duen guztietan, eta, belarriprestek, aldiz, solaskideak beraiekin euskaraz aritzera gonbidatuko dituzte, nahiz eta belarriprestak berak euskaraz edo gaztelaniaz erantzun.

Ordizia ere buru-belarri sartu da Euskaraldian, eta ekinbidea burutzeko Ordiziako Euskaraldia batzordea astelehenero biltzen da Barrenan. Batzordeak deituta, ekimena herrian aurkezteko hainbat herritar elkartu da ostiralean Plaza Nagusian eta bertatik gonbita luzatu zieten ordiziarrei Euskaraldian izena emateko.

Izena emateko aukera zabalik dago www.euskaraldia.eus atarian. Horretaz gain,  Ordiziako ohiko lekuetan jarritako buzoietan ere etxez etxe banatu den izen-emate orria utzi daiteke.

Ohiko ohiturak eta inertziak astinduz, euskararen alde egotetik egitera pasatzeko unea da. Aukeratu zure rola eta eman izena!

 Informazio gehiago: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.  eta ordizia.euskaraldia.eus atarian.