Image
Image

Euskara ikasteko dirulaguntzak emango ditu Udalak

Ordiziako Udaleko euskaa sailak hainbat dirulaguntza bideratuko ditu aurten ere. “Dirulaguntza hauen helburua da euskararen erabilera bultzatzea esparru desberdinetan (aisia, kirola, lan arloa…) eta euskararen ezagutza eta hobekuntza sustatzea”, zehaztu du Maitane Alvarez, euskara zinegotziak. Hemen duzue diru laguntzen inguruko eskuorria

Hala, halakoak dira dirulaguntza motak:

Euskara ikasteko. (eskaerak uztailaren 7ra bitartean egin behar dira, herritarren Arretarako bulegoan; 09:00-13:00)

-Matrikularen % 100 ordiziarrei, zenbait baldintza (asistentzia ona…) betetzen badituzte. Urteko gehienez 500 € eta barnetegietarako 650 €.
-Matrikularen % 85 Ordiziako Udalarekin hitzarmena sinatuta duten Ordiziako enpresetako, dendetako eta tabernetako langileei eta kirol elkarteetako entrenatzaileei (Ordizian erroldatuta ez daudenei). Noiz eskatu: ikasturtea edo dagokion ikastaroa amaitu ondorengo bi asteetan.

Oharra: Euskaltegietako matrikula ordaintzeko edo aurreratzeko zailtasunak dituztenen kasuan Udalak berak ordainduko ditu ikasturte hasieran (oinarrietan finkatutakoaren araberako prozedura jarraituta).

Aisialdiko begirale eta zuzendari ikastaroa euskaraz egiteko eta kirol arloan prestakuntza euskaraz egiteko

-Matrikularen % 30, gehienez 150 euro.

Kirol elkarteei laguntza formazioa euskaraz emateagatik

- Prestakuntza-saioen % 50, gehienez 750 euro.

Udako euskarzko ikastaroetarako

-Diruz lagundutako ikastaroak: Udako Euskal Unibertsitateak (UEUk), EHU-UPVk (euskaraz) eta Hik Hasik antolatzen dituenak.
-Matrikularen % 50, gehienez 250 euro.

Webguneak, errotuluak eta irudi korporatiboa euskaraz jartzeko
-Norentzako: udalerriko merkatarientzako, enpresentzako eta elkarteentzako.
-Webguneak euskaraz jartzeko laguntzak:

-Euskara hutsezko webguneen gastuaren % 50, gehienez 500 euro.
-Ele bitan dauden eta beti euskaraz irekitzen diren webguneen gastuaren kostuaren % 50 ordainduko du Udalak 350 euroko mugaraino.

Bestalde, errotuluak, irudi korporatiboko elementuak eta abar euskaraz jartzeko dirulaguntzak ere badaude. Informazio gehiago: www.ordizia.eus/dirulaguntzak webgunean edo 943805622 telefono zenbakira deituta.


 

Udalekuak: izen-emate guztiak onartuta

Eusko Jaurlaritzak atzo aisialdiko taldeak hamar  lagun artekoak izan daitezkeela erabaki zuen. Hori horrela, Ordiziako udalekuetan plaza eskatu eta zain zerrendan zaudeten guztiok bertan parte hartu ahal izateko aukera daukazue. Behin betiko izen-ematea egiteko, eranskinean topatuko duzuen inprimakia bete eta dagokizuen kuota ordaindu behar duzue:

Kuota arrunta: 85€ // Anai-arreba gehiago matrikulatuta, 75€ bigarrenetik aurrera // DBE edo bestelako gizarte laguntzak jasotzen dituztenek: 18€.

Jarraian, izen-emate orria beteta eta ordaindutako kuotaren ordainagiria entregatu beharko dituzue, ondoko bide hauetako bat erabiliz:
Izen-emate orria

-Email bidez: Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.
-Aurrez aurre,  Ordiziako Udalaren Arreta bulegoan (8:00-13:30) edo Gazteria bulegoan (astearte eta ostegunetan, 16:00-18:00).

Dokumentazioa aurkezteko epea: ekainak 4. Ordainketa egiteko kontu-zenbakia: ES37 2095 5073 04 1060024857 (KUTXABANK). Kontzeptuan haurraren izen-abizenak idatzi.

Udalekuak: plaza lortu dutenak eta itxaron zerrenda

Ordiziako Udalak aukera ezberdinak aztertu ditu udalekuetan plaza eskatu duten haur guztiak sartu ahal izateko (hainbat erakundetan  kontsultak, Foru Aldundiaren bitartez Eusko Jaurlaritzara ratioak handitzeko eskaerak bideratu ditu…), baina Eusko Jaurlaritzaren maiatzaren 7ko Dekretuari heldu behar izan zaio eta Udalak zozketa egin behar izan du halabeharrez.

Datorren astean Jaurlaritzak Dekretu berri bat ateratzea espero da eta taldeko parte har dezaketen haur kopuru hori handitzeko itxaropena du Udalak (oraingo ratioa taldeko 6 haur da). Halere, Udalak gehiago ez itxarotea erabaki du, gutxienez familia batzuei euren udako antolaketari begira plaza bermatzeko.

Aipatutako Dekretuan finkatutako taldekako ratioak handituko balira, segituan jarriko ginateke zuekin harremanetan, itxaron zerrendan gelditu diren haurrei udalekuetan parte hartzeko aukera eskaintzeko.

 Hemen dituzue bi dokumentuak:

Plaza lortu dutenak / Han obtenido plaza

Zain zerrenda / Lista de espera

Errenta aitorpena, euskaraz

Apirilaren 12tik ekainaren 30era herritarrek autolikidazio proposamenak jaso eta onartzeko aukera izango dute

Ordizia, Beasain eta Lazkaoko Udalek bat egin dute beste urtebetez ‘Errenta aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz!’. Ordizian egin den prentsaurrekoan izan dira kanpainaren inguruko xehetasunak ematen Maitane Alvarez, Ordiziako Udaleko alkateordea eta euskara zinegotzia; Leire Artola, Beasaingo alkatea, eta Amagoia Naldaiz, Lazkaoko euskara zinegotzia. “2010az geroztik egiten den kanpaina da eta azken urteotan bezala, kanpainaren helburua da euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako herritarrei jarraibideak eskaintzea”, azaldu du Alvarezek.

Gipuzkoako Foru Ogasunak, bestalde, iaz lau urteko egitasmoa abiarazi zuen. Egitasmo honen helburua da 2023ari begira 100.000 herritarrek euskara aukeratzea Aldundiko Ogasuna eta Finantza Departamenduarekin harremanak izateko (2020an Gipuzkoan 80.519 herritarrek egina zeukaten euskararen aldeko hautu hori).

“Edozein unetan aukera dezakezu euskara Ogasunarekin harremanak izateko eta errenta aitorpena aurkeztean ere bai”, gaineratu du alkateordeak.

Artolak, gaur egun errenta aitorpena aurkezteko dauden hiru bideak azaldu ditu, “guztietan erabili daiteke euskara”. Lehenengo aukera autolikidazio proposamena da. “Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu”, zehaztu du.

Bigarrena mekanizatua da: “hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzula adieraztea besterik ez da. Hau da, Ogasunarekin bulegoko aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz izan ditzakezu, horrela eskatzen baduzu; eta Ogasunak sinatzeko ematen dizun orria ere euskaraz jaso dezakezu”.

Hirugarren bidea Internetez da,  Zergabidea atariaren bitartez:

Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu. Bestalde, aholkularitza edo finantza erakunde batean egiten baduzu, euskaraz egiteko eska dezakezula ere nabarmendu du Artolak.

Datuak, gorantz

Aipagarria da azken 10 urteotan, 2010etik 2020ra,  Ordizian, Beasainen eta Lazkaon euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituz  joan dela. Ordizian %8,29tik %21,15era igo da, Beasainen %8,37tik %19,71ra, eta Lazkaon, berriz, %15,52tik %29,20ra.

Eta horrek horrela izaten jarrai dezan, Naldaizek errenta aitorpena euskaraz egitera gonbita zabaldu du.

Kanpainako datei dagokienez, hauexek dira aurtengoak:

- Apirilaren 12tik ekainaren 30era  herritarrek autolikidazio proposamenak jaso eta onartzeko aukera izango dute.

- Errenta aitorpena internetez edo bulegoan bertan egin nahi dutenek ekainaren 30era arteko epea izango dute horretarako.

- Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea apirilaren 16an hasi eta ekainaren 8an amaituko da.

“Euskarak Goierrin aurrera egin dezan nahi badugu behintzat, garrantzitsua da zergadun euskaldunek aitorpena euskaraz egiteko urratsak egitea; hau da, gutako bakoitzak hizkuntza hautatzeko dugun aukeraz baliatzea”, nabarmendu du Naldaizek.

Beraz, hiru ordezkariek euskararen aldeko aukeraz baliatzera gonbidatu dituzte goierritarrak, “errenta aitorpena euskaraz eginez, euskarari ere aitorpena egiten diotelako”.

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image