KABIAN DA SAN JOSE EGOITZA

Ordiziako adinekoen San Jose egoitza KABIA foru erakunde autonomoaren parte da iada. Honekin zortzi dira erakundean dauden egoitza gipuzkoarrak. Honaino iristeko tramitea luzea izanda, baina xehetasun guztiak lotuta gero hilabete honetatik dago indarrean egoitzaren kudeaketa berrirako aldaketa.

Honetarako hitzarmena ostegun honetan sinatu dute Donostian Maite Peña, Gizarte Politikako diputatuak eta Jose Miguel Santamaria alkateak.

Ordiziako egoitzak 73 plaza ditu eta 60 langile. Hauek denak euren tokietan jarraituko dute.

KATXALINEK GOIERRIKO EMAKUMEEI ZERBITZUA EMANGO DIE ORDIZIATIK

Arreta puntua  zabalduko du astearte arratsaldero Zuhaizti zentroan

Katxalin, Bularreko eta ginekologiako minbiziagatik eragindako Gipuzkoako elkarteak, Ordiziako Zuhaiztik zentroan bulego bat irekiko du ekainetik, asteartetan. Bailarako emakumeei zerbitzua ematea du helburu. Ordiziako Ongizateko zinegotziak, Katxalineko Edurne Iruin eta Garbiñe Aramendi ordezkariek eta Lierni Irastortza udal teknikariak eman dute berria ezagutzera.

Dubreuilek esan duenez, ‘urte asko’ daramate elkarlanean Katxalinek eta Ordiziako Udalak. Bularreko minbiziaren detekziorako bi urteen behin egiten diren kanpainan, boluntariotza sustatzeko antolatzen  den azokan, osasun batzordean, diru-bilketetan, sentsibilizazio kanpainetan eta behar den guztietan ba egiten da.

Hala, Ordiziako Udalak, Ongizate eta Osasun batzordetik pauso bat aurrera eman nahi izan du udalerriz haratagoko zerbitzua eskainiz Goierriko emakume guztiei. ‘Ordiziarrekiko Katxalinen konpromisoa eta elkartasuna nabarmendu ditugu beste behin. Oraingoan, gainera, goierritar guztiekiko’, esan du zinegotziak.

GOAZEN ORDIZIA! HILAREN 19TIK BUELTAN DA

Ibiltariak eta ibilbidean laguntzeko dei egiten da

Aste Santuko oporraldiaren ondoren ostegun honetatik martxan jarri behzar zen berriz Goazen Ordizia! ekimena. Baina euriak atzerarazi egin du eta hurrengo astean, apirilaren 19an hasiko da. Ibiltari eta laguntzaile gehiago izateko asmoarekin dator ikasturteko azken zati honetan. Izan ere, eguraldiak hobera eginda konpainia onean ibiltzera irteteko gogo gehiago izango da.

Informatzeko edota saioa probatzeko aipaturiko ostegunean 10:15ak aldera Udaletxeko arkupera hurbiltzeko eskatzen da. Mahai bat egongo da informatu ahal izateko. Lehendik ibiltzen direnak irteera 10:30ean abiatuko dela gogoratu behar dute, kartilan zigilua jarri eta taldeak egin ondoren.

Kanpaina bultzatzeko Ordiziako Udaleko Gizarte zerbitzuetako arloak grafikoki eta hitz laburrekin jarduera definitzen duen triptikoa banatuko du aste honetan. Udalak ekimen honetan parte-hartzeak duen onura zabaldu nahi du, batez ere ibilbidea egiten laguntzean. Parte hartzera animatzen da, adin mugarik gabe, paseoan ibiliz eta batez ere, lagunduz.

Ibilbideak Zuhaiztiko tabernan du amaiera, indarrak hartzeko salda edo zukua hartuz. Aste honetatik ostegunero irtengo da, ikasturte honetan uztailaren 5a bitarte.

 

IKUSGAI DIRA ETXEZ ETXEKO ZERBITZUAREN ARAUTEGI ETA SALNEURRI PUBLIKOAREN ORDENANTZA BERRITUAK

Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena, eraginkorragoa izateko, Osoko bilkuran onartu zen eta foru erakundeak berretsi beharko du

Zerbitzuaren arautegia eta dagokion salneurri publikoaren ordenantza Udaletxeko Idazkaritzan daude kontsultatu nahi dutenentzat. Martxoaren 16an publikatu ziren Gipuzkoako Boletin Ofizialean eta erreklamazioak edo iradokizunak jartzeko epea zabalik dago apirilaren 24ra bitarte, aipaturiko udal Idazkaritzan. Erreklamaziorik ez balego, behin betikoa izango da adostutako akordioa.

Gainera, etxez etxeko zerbitzua hobetzeko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena –martxoaren 22ko Osoko bilkuran aho batez onartua- Aldundiak berritsi eta sinatuko du. Ondoren Udalak zerbitzua emateko kontratu berria esleitzeko prozesua hasiko du.

Etxez etxeko udal zerbitzuan egindako aldaketarekin Ordiziak aurrera segiko du Udal Gizarte Zerbitzuen sistema hobetu eta kudeaketa eraginkorragoa emateko.