Image
Image

AURRETIAZKO BORONDATEEN GAINEKO HITZALDI BERRIA ORDIZIAN

Iñaki Saralegi medikuaren eskutik, bizitzaren amaierako prestakuntzari buruz hausnartzeko gonbidapena luzatzen da

Ordiziako hiribilduaren sorreraren 750. urteurrenagatik antolatu den osasunaren inguruko zikloaren barruan, Aurretiazko Borondateen gaineko hitzaldia egongo da Barrenan (hurrengo asteazkenean, apirilaren 18an, 18:30ean).Oraingo honetan gonbidatu den aditua Iñaki Saralegi medikua da.

Biztanleriaren zahartzearen aurrean eta gaixotasun askoren kronifikazioaren aurrean, aurretiazko borondateak jasotzen dituen agiria (bizi testamentua edo aurretiazko jarraibideak) gero eta erabilgarriagoa da:Gaixoen nahiak ezagutzen eta errespetatzen laguntzen du, gaixotasunagatik edo zahartasunagatik horiek adieraztea ezinezkoa denean.

Prozesu honek bermatu nahi duena hau da: pertsona batek jaso nahi dituen zaintzak eta osasun-tratamenduak adierazteko gaitasuna galtzen duenean, baita hil ostean bere gorpuarekin edo organoekin zer egin nahi duen erabakitzeko ere, erabaki horiek aldez aurretik adierazitakoaren arabera egitea.  Zaintzen planifikazioaren eta Aurretiazko Borondateen Agirien erredakzioaren garrantziagatik  helburuen, baldintzen, mugen, moduen eta ondorioen gaineko hausnarketa egitea gomendatzen da.

Saralegi medikuak hausnarketa honetara hurbiltzen direnei beharrezkoa duten informazio guztia emanez lagunduko die.Saralegi Medikuntzan doktorea da, Medikuntza intentsiboan aditua, unibertsitate espezialista Bioetikan, Laguntza Etikoko Batzordeko lehendakaria –ESI Araba eta Osakidetza-Eusko Jaurlaritzako Aurretiazko Borondateen proiektuko koordinatzailea.

Hitzaldia osasunaren inguruko hitzaldi zikloaren sustapen taldeak eta OSAKIDETZAk antolatu dute, Ordiziako udaletxearekin lankidetzan.

Argazkian, Laguntza Etikoko Batzordeko kideak Saralegi  medikuarekin, ezkerretik lehena.

 

MUXIKA ANAIAK ERREGE KATOLIKOEN GORTEAN

MUXIKA ANAIAK ERREGE KATOLIKOEN GORTEAN. Gure Iragana taldearen eskutik hitzaldia D’Elikatuz gunean.Igandea , apirilak 15, goizeko 11:30etan

Jakina da Ordizia bere historia luzean pertsonai historiko handien sorterria izan dela eta gaur egun ordiziarrek era batean edo bestean ezagutzen dituzte pertsonai hauek. Lehengo otsaileko Ochoa Alvarez de Ysasaga Komendadorearen aurkezpenean ezarri genuen lerroa jarraituz, oraingo honetan pertsonai bat ekarri beharrean gure hiribildu txikiaren historian aro berri baten hasiera ekarri zuten anai –Muxikatarrak- talde batekin gatoz. Gudugarretako (Beasain) Muxika oinetxean ondorengoak eta XV mendean zehar jada Villafrancan kokatuta, Muxika anaiak beren aita eta aitonen karrera esanguratsuak bultzatuta ez zuten denbora asko behar izan haiek kabuz gailendu eta Errege Katolikoen gorteko goi karguak eskuratzeko. Baina batez ere gehien nabarmendu eta Ordiziako historiarentzat garrantzitsuena izan zena Martin de Muxica Komendadorea da.

"ENIRIO ARALAR BATASUNA" GAIA ORDIZIA 750-HISTORIA HITZALDI ZIKLOAN

Alvaro Aragon irakasleak emango du hitzaldia. Ostirala, 19:00 h. Barrenan

Ostiral honetan, apirilaren 13an, arratsaldeko 7etatik aurrera, Alvaro Aragon (Historian Doktorea, ikerlaria, EHU-ko irakaslea eta Euskal Herriko basogintzaren historian aditua)  historialariak  “Enirio-Aralar batasuna” izenburu duen hitzaldia eskainiko du Barrena Kultur Etxean, "Miguel de Aranburu" Gipuzkoako Historialari Elkarteak eta Ordiziako Udaleko Kultura sailak antolatutako “Ordizia 750-Historia” solasaldi zikloaren barruan.

Enirio-Aralarreko mendietako basoek ez zuten XVIII. mendera arte ustiapen gogorrik jasango. Ordura arte Batasunetako biztanleek behar zuten egurra soilik ateratzen zuten, ia ustiapen industrialik gabe. XVIII. mendean, aldiz, beheko aldeko hariztiak agortu zirenean, Enirio-Aralarreko pagoak hasi ziren ustiatzen ikatza, itsasontziak edo arma-kajoiak egiteko. Batik bat, inguruko burdinolak izango dira egur hori beharko dutenak. Dena den, XVIII. mendean ere, arraun industria indartsu bat garatu zen, batik bat, Donostian eta, besteak beste, Enirio-Aralarko pagadiak ustiatuko dituzte. Milaka pago arraunak bihurtu, Donostira eraman, eta handik Europa osora esportatu ziren. Al di berean, XVIII. mendean inguruko baserrien kopurua ugaldu egin zen eta hauek eraikitzeko zura behar zen eta bere biztanleek suegurra behar zuten sukaldatzeko edota beroa hartzeko urtean zehar.

ORDIZIA PROTAGONISTA BETI ARGI BANDAREN IGANDEKO KONTZERTUAN

Kontzertua Parrokian izango da, arratsaldeko 19:00etan

Datorren igandean,  hilaren 18an, arratsaldeko 19:00etan,  Beti Argi Musika Bandak ohikoa den San Jose eguneko kontzertua eskainiko du Eliz Parrokian, Ordizia 750 urteurrenarekin bat eginez, eta horren  harira sorpresaren bat iragartzen dute Bandakoek. Lehen zatian segidako  lanak eskainiko dituzte: Esteban Aranbururen “Santa Ana” eta “A las cumbres” ; Juan Jose Aranbururen “U.C.Villafranca” eta “Orain eta Beti”; eta Jose Luis Gurrutxagaren “C.D. Ordizia” eta “Villafranca U.C.”

Bigarren zatian Jose Javier Gomezen eta Erramun Amundarainen ahotsak lagun eta horiekin batera herrian ezagunak diren beste pertsona batzuekin kanta herrikoiak eskainiko dituzte. Kontzertuaren protagonista ORDIZIA.

 

logo ordizia bizi herria

Image
Image
Image