OCHOA ALVAREZ DE YSASAGA, "VILLAFRANCAKO HISTORIA EZAGUTZEN" ZIKLOAREN PROTAGONISTA

 “Ochoa Alvarez de Ysasaga Komendadorea, Koroa eta Gipuzkoako Probintziaren zerbitzupeko gizona" hitzaldia, igandean, otsailak 25ean, 11:30etan D'Elikatuz gunean

 

Nahiz eta gaur egun ordiziar gehienentzat guztiz ezezaguna izan, Ochoa Alvarez de Ysasaga Komendadorea 750 urte bete behar dituen gure hiribilduak hazten ikusi duen pertsonaiarik ospetsuenetako bat da.

1470. urte inguruan jaio zen eta ziurrenik bere jaio lekua bere oinetxea izan zen non bertatik bait zetorkion abizena. Oso goizetik Errege Katolikoen interesetarako lanean aurkitzen dugu, honi esker garaiko errege eta infante askoren konfiantza eskuratzea lortu zuen. Honen testigu leialak dira gaur egunera iritsi zaizkigun Ochoa Alvarez de Ysasaga eta errege desberdinen arteko eskutitzak.

Bere lan bikainari esker eskuratutako konfiantza honek, kargu ugariren onuradun bilakatu zuen. Ziurrenik garrantzitsuena 1509an Fernando Katolikoa erregeari eta bere alaba, Juana I.a Gaztelako erreginari esker sortu berri zen Sevillako Indietako Kontratazio Etxeko “factor” edota Koroaren errenta biltzaile postua lortu zuen.

Ordea, Ochoa Alvarez de Ysasagak ez zuen inoiz bere probintzia ahaztu eta oraindik gutxiago bere jatorria, Ordiziako Villafranca. 1516an bere borondate osoz Sevillako lana utzi ondoren Gipuzkoara itzuli zen eta probintziaren interesetarako lanean murgildu zen. Bertan, eginkizun garrantzitsuak garatu zituen, hauetatik 1530. urtean Carlos Errege eta Enperadorearen aginduz Bidasoa ibaian eman zen Francisco I.a Frantziako erregearen semeen trukean eginikoa azpimarratu behar da.

Behin erretiroan baina oraindik Gortea, Probintzia eta Villafrancaren arteko bitartekari lanean, bere testamentua eta azken-nahia Ochoa de Urdaneta eskribauaren aurrean burutu zuen 1548. urtean. Ez zituen ezta atzean utzi ez bere familiaren ezta bere hiribilduaren inguruko gaiak, beraz, bere azken urteak betekizun hauek aurrera eramaten jardun zuen.

Gaur egun gure inguruan oraindik agerikoak dira pertsonai honek bere garaian gerokorako utzitako testigantzak. Jakin nahi dituzue zeintzuk diren? Ordiziar pertsonai berezi honen bizitza gehiago ezagutu nahi? Sorpresa ugari agintzen ditugu. Otsailak 25ean eguerdiko 11:30ean gonbidatuta zaudete guztiak D´elikatuzera.