Greba Gaur hasiko dituzten mobilizazioak

San Jose egoitzako langileek greba hasi dute gaur, hilak 27, haien eskubideen defentsan. Greba, momentuz, hiru egunetakoa izango da (otsailak 27, 28 eta martxoak 1), naiz eta deitu duten sindikatuek adierazi duten konponbidea aurkitu arte mobilizazioen bidea hartuko dutela.

ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dutenez, "Adegi eta Laresek –enpresen patronalak– Raxoiren lan erreforma aplikatu nahi digute eta erreforma honekin, hitzarmen kolektiboa egon ezean, langileok 400 €ko galera izan dezakegu hilero eta urtean 200 ordu gehiago lan eginarazi ahal digute".

2012ko urriaren 19an osatu zen negoziazio mahaia, baina momentuan etenda dago. "Ez da harritzekoa –diote aipatu sindikatuek-, patronalak badakielako uztailaren 8an gure soldatak jaitsi ahalko dituela, lan jarduna handitu eta tokian tokiko akordio eta hitzarmenak bertan behera utzi, langile guztiok estatuko hitzarmenean sartu beharko garelako".

Otsailaren 6an, Gipuzkoako Foru Aldundiak proposamen "inportantea"  egin zien langile eta enpresei. Aldundiak 8,2 milioi euro eskaini zituen langileek eskatzen dituzten baldintzetara egokitzeko kostuak ordaintzeko, baina, enpresek ez dute eskaintza onartu, "lan kontraerreforma" omen delako.

"Negoziazioak berrartu eta konponbidea bilatzea da", langileen helburua, eta bien bitartean protestekin segitzeko intentzioa azaldu dute. San Jose egoitzako langileak jakitun dira egunotan zerbitzua kaltetua izango dela eta barkamena eskatu dute aldez aurretik.