Ordiziako Zuhaizti zentro sozialak aurten ere programa zabala osatu dute, eta gaur goizean egin dute horren aurkezpena. Bertan izan dira Ainhoa Jimenez, Ongizate zinegotzia, Raquel Bravo, Zuhaiztiko juntako zuzendaria, eta Odilo Rivela, Majori kiroldegiko gerentea.

“Iazko moduan, aurten ere hemen gaude Zuhaiztiko programa aurkezteko. Dudarik gabe, pandemiak ere erakutsi digan zerbait izan da ezinbestekoa dela adineko pertsonei zuzendutako ekintzak antolatzea. Gure adinekoak osasuntsu mantentzeko, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. Horren adibide da aurkezten ari garen programa, baina baita ere, esaterako, joan den astean berriz ikasturtea hasi zuen Goazen Ordizia ekimena ere”, azaldu du Ainhoa Jimenez, zinegotziak.

COVID garaian ere, aktibatu zaitez! egitasmoaren barruan, ordiziar heldu eta adineko guztiek (batez ere erretiratu eta pentsiodunek) parte hartzeko programa da aurkeztu dena. Kontuan izan behar da egungo egoera eta aldaketak eragin ditzakela antolatuko diren ekintzetan. Hala ere, halakorik gertatuko balitz, jakinaraziko da.

Hiru ataletan banatu dira ekintzak: Kultur ekimenak eta jarduera fisikoa, eta Gente 3.0 Programaren baitan, La Caixa Fundazioarekin elkarlanean, Informatika eta komunikazioa, eta Osasuna eta Ongizatea.

Lehen zatian honako ikastaroak eskainiko dira: adimena lantzen, Euskara Eskola, Jarduera Fisiko Lasaia, Pilates, Jarduera Fisikoak Kiroldegian (hau Majorin garatuko da, eta bertan izena eman beharko da), eta Erlaxazioa.

Azken atalean, bestalde, La Caixa banku-fundazioaren eta Ordiziako Udalaren arteko hitzarmenari esker, beste hiru ekintza antolatu dira.

Informatika eta komunikazioari dagokionez, Tailer horietan teknologia berrien egunerokotasunean aplikatzeko oinarrizko tresnak eta tresna aurreratuak eskaintzen dira, eta formazio ibilbide jarraia izango da. Hala, sare sozialak, bideo deiak, Whatsapp eta Facebooken sakonduko da. Horrez gain, Internet bidez tramiteak egiteko eman beharreko pausuak ere zehaztuko dira.

Osasuna eta Ongizateari dagokionean, Topaketak eta tailerrak egingo dira, Taldean partekatzen dira eguneroko bizitzarako ezagutzak, esperientzia, estrategiak eta tresna praktikoak (ohitura osasuntsuak, teknika eta trebetasun psiko-emozionalak eta komunikaziokoak, eskubideen defentsa...), eta bizitza pertsonaleko proiektu atsegina eta motibatua sustatzen da.

Horrez gain, lagunen arteko irakurketa tailerra ere emango da. Irakurketaren inguruko topaketa, solasaldian esperientziak eta begiradak partekatuz.

Parte hartzeko deia

Jimenezek herritarrak ekintza hauetan parte hartzera animatzen ditu. “Tailer asko daude mota ezberdinetakoak, eta horrek eskaintza zabala jartzen du herritarren eskura. Bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen diet ordiziarrei, izan ere, ekintza hauetan ziur asko ikasteko aukera izango dutela”. Izen ematea zabalik egongo da irailean eta urrian zehar: Zuhaizti Gizarte Zentroa: 657 791 813 / 943 88 92 88, edo bestela 688 822 329 telefonoan.