Kurtsoaren helburu nagusia lana aurkitzea da, urtarrilean hasiko da eta sei hilabeteko iraupena izango du

Ordiziako Udalak enplegua sustatzeko II udal planaren baitan EKIMENA proiektuaren hirugarren edizioa martxan jartzeko deialdia egin du. Oraingoan lan bila dabiltzan edo negozioa martxan jarri nahi duten 15 parte-hartzaileei zuzenduta dago. Jose Miguel Santamaria alkateak, Iñaki Dubreuil Gizarte Ongizateko zinegotziak, Javier Elizetxea proiektuko arduradunak eta aurreko edizioan parte hartu zuen Aritz Perezek aurkeztu dute kurtso berria.

Izena emateko epea abenduan dago irekita. Izena eman nahi dutenek udal Arreta Bulegoan (astelehenetik ostiralera 8:00etatik 13:30era) joan daitezke dagokion eskaera betez edo Helbide elektroniko hau spambot-etatik babestuta dago. JavaScript gaituta izan behar duzu ikusi ahal izateko.helbidera idatzi dezakete. Hautaketa prozesuan pertsona interesatuekin  informazio saioak eta elkarrizketak burutuko dira. Horrela eratuko da Enplegu eta Ekintzailetza faktoriako III. EKIMENA taldea.

Ikastaroa urtarrilean hastea aurreikusten da eta sei hilabeteko iraupena izango du, ekaina bitarte. Lehenengo hilabetean lan tailerra egingo da taldea kohesionatzeko eta taldean aritzeko ohitura sustatzeko. Gero, hileroko plangintza eginez, talde saioak hasiko da. Astean hiru aldiz elkartuko dira, 9:30etik 12:30era. Lehenengo fasean hausnarketa eta banakako eta taldeko beharren planifikazioa egingo da. Hilero garatuko diren ekintzak zehaztuta gero, ezagutzera emateko lanketa hasiko da, enpresekin kontaktatu eta bisitak eginez, lan eskaintzak aurkitu eta jarraituz. Era berean, formazio tailerrak antolatuko dira partaideen ahalmenak indartzeko (hautaketa elkarrizketak, ekintzailetza, komunikazioan trebakuntza, auto-estimuaren hobekuntza, marka pertsonala, etab.).

Beraz, proiektua lanik ez duten pertsonei dago zuzendua, taldean arituz coach baten laguntzaz lana aurkitu edo negozio ideia bat martxan jarri nahi dutenei. Orain arte bi edizio egin dira eta asebetetze maila altua izan da. Aritz Perez da parte hartu duenetako bat.  Negozio ideia bat zuen eta martxa onean darama.

Enplegua aurkitzeko proiektu osoa

Perezek kurtsoaren prozesuari buru hitz egin du, oso ondo estrukturatuta dagoela azpimarratuz. ‘Lehenengo hilabetean ekintza desberdinen bidez ezezagun batzuk taldea osatzea lortu zen’, dio. Bere esanetan, oinarrizkoa da era egokienean lan egiteko eta segidako hilabeteetako  zeregin guztiak barneratzeko, zerbaiten partaide zarela jakiteko eta egoera mentala eta emozionala hobetzeko. ‘Langabezian egotea oso gogorra da eta kanpotik ez da nahikoa baloratzean. Taldean bat eginda, denok ginen gai besteen gogo-aldartea eta emozioak babesteko’.

Taldea eratu eta gero, partaide bakoitzaren helburuetan sakondu zen. ‘Lanik gabe zaudenean lan eskaintza asko dagola iruditzen zaizu, ez dakizu nondik-nora jo eta ehunka eskaera bidaltzen dituzu. Baina ezezko bakoitza kolpe bat gehiago da eta animoa galtzen duzu. Kide bakoitzaren helburuak jakinda gure esfortzuak egokitu genituen, komunean jarri eta elkar laguntzeko’, gogoratu du. Gero arloka banatu zen lana, eraginkorragoak izateko. ‘Taldearen onuran pentsatuz, bakoitzak bere lana egitea lortu genuen: eskaintzak bilatu, enpresetara deitu, ezagutzera eman, etab.’.

Ekimenaren prozesuan lantzen diren gaien ugaritasuna goraipatu du Perezek. Ez da lan bila aritzea bakarrik, baizik eta proiektu integrala lantzen da. Tailer ugari dago horretarako: talde-lanekoak, sare sozialen ingurukoa, ekintzailetza eta adimen emozionalekoa, eta bestelakoak.  ‘Dena da lagungarria norberarentzat eta taldearentzat. Sistema ona dela frogatzen du, zortzi hilabete pasa eta gero whatsapp taldeak indarrean segitzen duela ikusteak, lan eskaintzak pasatuz taldean gauden kideei egokituta’, erantsi du.

Bere egoerari dagokionez, Ekimenak ‘izugarri’ lagundu ziola dio Perezek, proiektua estrukturatzeko, bideragarritasun plana egiteko, enpresa martxan jartzeko eman beharreko pausoak ezagutzeko, kontabilitate tresnak ikasteko, etab. Horrela, egoera bat gainditu zuen zerikusirik ez duen beste fase batean murgiltzeko.