GIZARTE ZERBITZUETAKO UDAL PLAN ESTRATEGIKORAKO PROPOSAMEN TEKNIKOA AURKEZTU DA

Sistema berri eta eguneratua ezartzea da helburua

Gizarte Zerbitzuetako Udal Plan Estrategikoaren testuinguruan Ordiziako Udalak egiten ari den lanaren emaitzak aurkeztu dira aste honetan.

Lan hau burutu duten SIISeko (Dokumentazio eta Ikerketa Zentroa) teknikariak, Madalen Saizarbitoriak, proposamen teknikoa aurkeztu zuen eta proposamena egiteko erabili den metodologiari buruzko informazioa eman zuen ikuspuntu kuantitatibo nahiz kualitatibotik eta orain arte egindako lanetik atera dituzten ondorioak ere azaldu dira.  

Udal gizarte zerbitzuetako misioaren,  bisioaren eta balioen errepaso bat egin zuen eta proposatzen dituzten lau jarduketa ardatzak eta horietako bakoitzak jasotzen dituen lau helburu nagusiak azaldu zituen.

Iñaki Dubreuil, gizarte zerbitzuetako, osasun arloko, aniztasun eta kooperazio saileko zinegotziak, bere hasierako aurkezpenean azpimarratu zuen honako hau proposamen tekniko bat dela baina gizarte eragileei nahiz eragile politikoei irekia dagoela.

Partaidetza fase berri bat zabaltzen da honekin eta behin betikoa izango den Gizarte Zerbitzuetako Udal Plan Estrategikoa ekarriko du.  Dokumentu honek arlo honetako udal politika bideratuko du datozen urteetan gizarte zerbitzuen udal sistema berri eta eguneratu bat ezarri eta eskuratzeko, eraginkorra eta  indarrean dagoen eremu arauemaile eta planifikatzailearekin bat egiten duena eta arlo horretan ordiziarren behar anitzei erantzuten saiatuko dena.