ARCADI OLIVERES ADITUAK MIGRANTEEN INGURUAN HITZ EGINGO DU ASTEARTEAN

Bi hitzaldi emango ditu kultur etxean herritar guztiei zuzenduak

Ordiziako Udalak onartutako ZurrumurruEz! Kanpainaren barnean, Udal Harrera Sareko eragile guztiei eta orokorrean, Ordiziako herritarrei zuzenduriko formazioa eskaintzen da azken urteotan Udaleko Migrazio eta Aniztasun Sailetik. Helburu nagusia, beste herrialdeetatik etorritako pertsonen aurkako zurrumurruak geldiaraztea eta aniztasunaren onarpena bultzatzea dira. Hau dela eta, datorren astean izango den agerraldia aurkeztu dute Iñaki Dubreuil zinegotziak eta Miren Etxezarreta teknikariak.

Arcadi Oliveres, iparra-hegoa harremanetan nazioarteko merkataritzan, kanpo zorra eta defentsa-ekonomian adituak emango ditu bi hitzaldi datorren asteartean,  urtarrilaren 24an. Migratzaileak eta errefuxiatuak: oztoporik gabeko harrera’ izenpean,Arcadik migratzearen arrazoietaz eta europearren portaeraz hitz egingo du, jarrera aldaketarako proposamenak egitearekin batera.

‘Hamaika alditan entzun izan da migratzaileek eta errefuxiatuek euren jatorrizko lekuetan izan beharko luketela bizitza duinerako aukera, bertako egoera hobetuz, etab’, gogoratu dute Dubreuilek eta Etxezarretak. Zergatik ez da posible? Edo eta kanpotar eta bertako izatearen aldeak, identitateak eta kulturak zer diren… Nor da kanpotarra? Zer da “hemengoa” izatea? ‘Honelako gaien inguruko argumentuak lantzen ditu Kataluniatik datorren ekonomista alternatiboa den Arcadik’, zehaztu dute.

Hitzorduak Barrena kultur aretoan dira, goizeko 9:30tan lehena eta 18:30tan bigarrena.