Pertsona ugari gerturatu ziren ohiko ekintzak eta berriak ezagutzeko, hauen artean, mugikorren erabilerari buruzko ikastaroa

Aurreko astelehenean Zuhaizti zentroko 2016-2017 ikasturtea eman zen ezagutzera. Zuzendaritza batzordeko idazkaria den Javier Barandiaranek aurkezpenari hasiera eman eta  Iñaki Dubreuilek, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, hitza hartu zuen eta Zentro Sozialarekin baliabide ekonomikoei eta zerbitzu tekniko eta profesionalei dagokienez Udalak duen konpromiso eta babes sendoa eta historikoa azpimarratu zuen.

Zahartze aktiboa eta osasuntsua  ahalbidetzeko zentroan sustatzen diren era askotako prozesuak goraipatu ostean, zinegotziak Zuhaiztiko zuzendaritza batzordea osatzen duten edo osatu duten pertsonen konpromisoa eta ahalegina eskertu zuen eta baita antolatzen diren programa, proiektu eta ekintzetan era aktiboan egunez egun parte hartzen dutenena ere.

Zuhaiztiko lehendakaria den Raquel Bravok 2016-2017 ikasturterako aurreikusten diren ekintzei buruzko informazio xehe eta zehatzagoa eman zuen batzordeko kideekin batera. Javier Barandiaran idazkaria, Pedro Diez diruzaina, Rufina Alonso batzordekidea, Izaskun Zubelzu batzordeko kidea eta Kristina Altuna gizarte hezitzailea.

Programa zabala, osatua eta anbizio handikoa da.  Aurretik egiten diren zerbitzu eta ekintza "klasiko" asko egingo dira;  esaterako, irteerak, paseo-aldiak,  xakea, billarra,  abesbatza, mota guztietako ikastaro eta tailerrak (eskulanak, gimnasia, informatika, erlaxazioa, gizonentzako sukaldaritza...), belaunaldien arteko ekimenak, partaidetza eta lankidetza ekimenak (Goazen Ordizia, Gizarte Ongizateko aholku batzordea, etab.). Horrez gain, berrikuntzak ere badira, besteak beste, telefono mugikorrak edo smartphoneak erabiltzen ikasteko ikastaroa.

Aurkezpena egin ondoren instalazioetan barrena bisitaldi gidatu bat egin zuten, ekipamenduak, zerbitzuak, jarduerak eta abar ezagutzeko.