Aurrera jarraitzen du Siriara sendagaiak bidaltzeko diru-bilketa kanpainak

Ordiziako Udala, migrazio eta aniztasun arlotik ekainean pertsona errefuxiatuen inguruan burutzen ari den kanpainaren baitan, Euskal Legebiltzarrak onartutako legez besteko 48/2016 proposamenaren ebazpenarekin bat dator, aho batez. Ebazpena ekainaren 20ean izandako Pertsona Errefuxiatuen Nazioarteko Egunari dagokion  adierazpen instituzionala da. Testuak honela dio:

1.        Gogoratzen du errefuxiatuek miseriatik, askatasun-faltatik, indarkeriatik, gerretatik eta giza eskubideen urraketetatik egiten dutela ihes. Horregatik, Europar Batasunari eta haren estatu kideei premiazko erantzun humanitarioa exijitzen die. Erantzun horren oinarri izango dira asilorako nazioarteko Zuzenbidea, nazioarteko hitzarmenak eta Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna.

2.        Erabat gaitzesten du eta salatu egiten du EB-Turkia akordio lotsagarria, nazioarteko arau anitz urratzen dituena giza eskubideen eta migratzaile edota errefuxiatuen eskubideen arloan, eta, zentzu horretan, Europar Batasunari eskatzen dio akordio hori indargabetu dezala.

3.        Nazioarteko eta etorkinei buruzko politika komun bat defendatzen du, asiloaren eta giza eskubideen gaietan arduratsua izango dena.

4.        Zeharo arbuiatzen ditu Batasuneko zenbait estatuk mugak itxi izana eta errefuxiatu-eremuetan egindako atxiloketak.

5.        Bat egiten du Pasabide segurua manifestuarekin, eta eskatzen die bai Europar Batasunari eta bai haren estatu kideei korridore humanitarioak sor ditzatela, ahalbidetuko dutenak migratzaile eta errefuxiatuak Europara sartzea.

6.        Europar Batasunari eskatzen dio ahalegin guztiak areagotu ditzala desagertutako milaka ume errefuxiatuak aurkitzeko.

7.        Espainiar Gobernuari exijitzen dio, ahalik eta azkarren, 15.000 pertsona jasotzeko bere konpromisoa, eta gogoratzen dio asilo-eskubidea unibertsala dela, jatorriko herrialdea edo penintsulara sartzeko bidea edozein direlarik ere.

8.        Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio inplikatutako erakunde guztiekin elkarlanean jardun dadila, errefuxiatuek Euskadira iristeko aukera izan dezaten eta zerbitzu zein baliabide publiko guztietara iritsi ahal izan daitezen, horrela harrera integral bat bermatuz.

9.        Aitortu eta eskertu egiten du GKEek eta gizarte zibilak egindako aparteko lana errefuxiatuen eskubideen defentsan, bai maila lokalean bai hainbat errefuxiatu-eremutan.

10.      Onartzen du legebiltzar-taldearteko bat berehala eratzea, migratzaile eta errefuxiatuen eskubideen defentsarako, datozen legealdietan ere jarraipena izango duena, sortutako beste taldearteko batzuekin gertatzen den bezalaxe.

11.      Erabaki hau igortzen die Europako Batzordeari eta Parlamentuari, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari".

Argazkian, Ordizia Koloreko kideak eta Udal ordezkariak astelehenean Siriara antibiotikoak bidaltzeko diru-bilketa kanpainarekin bat eginda eta errefuxiatuen alde onartutako manifestua irakurtzen. Kanpainak hilabete osoan zabalik jarraitzen duela gogoratu dute. Itsulapikoak Zuhaiztin (Jubilatuak) eta Anbulategian daude eta Caja Ruralen honako kontu zenbakian sar daiteke dirua: 3008 02 1010 3302307719.