Dinamismoaren, partaidetzaren, gizarte konpromisoaren eta inplikazioaren eredu da zentroa

Zuhaizti Zentro Sozialeko Zuzendaritza Batzordeak bere kudeaketa-kontuen berri eman du urtero Zentroan egiten duen Batzarrean.   Lehenik Raquel Bravok, Batzordeko Lehendakariak, hitz egin zuen, jubilatu eta pentsiodunen Zuhaizti elkarteko bazkide kopuru handi baten aurrean. Bertaratutakoei eskerrak eman zizkien etortzeagatik eta urte horretan hildakoengatik minutu bateko isilunea eman zuen. Emoziozko ekimen horrekin hasi ohi dira Elkarteko Batzarrak.     

Jarraian Batzordeko Idazkariak hartu zuen hitza, Javier Barandiaranek, eta aurreko urteko Batzarraren akta irakurri zuen, eta onartu egin zen.  Barandiaranek pasa den urtean egin ziren eta Zentroko Memorian jasota dauden programa, proiektu eta ekimenen eskaintza zabalaren ikuspegi osoa azaldu zuen. Memoria horretan dituzten bazkide kopuru handia azaltzen da, emakumezkoak (740) eta gizonezkoak (489), guztira 1229. Horrekin batera, jardun-eremu zabalean zein dinamismo maila handia duten ere azpimarratu zuen. Aisialdiko ekintzetatik hasita prebentziozko ekintzetaraino, mota guztietako ekintzak egiten dira baita kultur ekintzen programa landu eta osatu bat ere. “Zahartze aktibo eta osasuntsu baten aldeko ekintza plan bikaina”, Kristina Altunak (zentroari laguntzeko Udal arduradun teknikoak) azpimarratu zuen moduan, 2015. urtean zehar 28 proiektu eta ekintzatik gora egin da.  

Kontuen txostena

Ondoren, Zentroko Diruzaina den Pedro Diezek hitz egin zuen eta urteko kontuen txosten zehatz bat azaldu zuen argi-argi, eta ondoren onartu egin ziren kontuak.   Kontuek 2015. urtean egindako ahalegin berezia erakusten digute, 91.093,85 €an zenbatetsia, eta -3.000 €ko defizit batekin. Defizit horri diruzaintzako gerakinarekin egin zaio aurre, eta ekitaldiko aurrekontuetan aurreikusita ez zeuden beharrezko inbertsioek eta konponketa gastuek sortu zuten.    Jarraian 2016 urterako Aurrekontua aurkeztu zuen. Asmo handiko aurrekontuak dira eta sustatu nahi dugun zahartze aktibo eta osasuntsuarekiko Zentroak duen konpromisoari jarraipena eman nahi dio.  2016. urterako Zentroak 86.915,00 €ko gastua aurreikusten du, eta diru-sarrera berberak, aurrekontua orekatzen dutenak.

Zuhaiztiko Idazkariak, Lehendakariak eta Diruzainak azpimarratu zuten Zentroaren funtzionamendurako Udalaren laguntza sendoa eta erabakigarria dela. Ekonomia eta finantza arloan, Udalaren ekarpena diru-sarreren %38a da; horrez gain, bestelako laguntza ere jasotzen du zentroal udalarengandik: profesionala, teknikoa eta politikoa.

Inplikazioa, ezaugarri nagusia

Bere interbentzioa amaitu ostean, Iñaki Dubreuili, Batzordeko kide eta Ongizate saileko zinegotzi Delegatu sozialista denari eman zion hitza. Honek Zentroaren dinamismo sendoa goraipatu zuen, eta bertan ibiltzen diren eta instalazio eta programak erabiltzen dituzten bazkideen partaidetza handia eta onarpen zabala.

Zahartze osasuntsu eta aktiboa sustatzen duten ekintzak bultzatzeko Zentroak eta Batzordeak egiten duten ahalegin handia aipatzeko aukera baliatu zuen zinegotziak. “Udalak oso gogoan du helburu hau, eta Zentroa mantentzeko, Zuzendaritza Batzordeari laguntzeko, eta Goazen Ordizia edo berriki Bizi Poz bezalako proiektu berritzaileak martxan jartzeko burutzen ditugun ahaleginen oinarrian dago helburu hau”.

Dubreuilek ondorengoa ere azpimarratu zuen: “Zentrotik haratago doazen proiektu eta ekintza sozialetan Zentroak duen inplikazio maila altua, udal arlokoa izan edo udalaz gaindikoa, eta bestelako esperientzia eta proiektu batzuetan (sozialak, belaunaldien artekoak, kulturanitzak, euskararen, osasunaren inguruak eta abar) izan duen partaidetza eta eskaini duen laguntza”.

Zinegotziak inplikazio sozial handi hori eskertu zuen “inplikazio hori ondorengoen emaitza edo uzta da: zentroan egiten den lanaren emaitza, bertan egiten diren eta sustatzen diren proiektuen emaitzak, zuzendaritza batzordea osatzen  duten pertsonen konpromiso-mailaren emaitza, eta Zentroko ekintzetan parte hartzen duten bazkideek Zuhaiztiko dinamikaren alde duten jarrera indartsuaren emaitza”

Bere interbentzioaren amaieran, bertaratutakoei gogorarazi zien bisitan etortzen direnak, bakarka nahiz taldeka izan, harrituta geratzen direla beti zentroagatik, baina batez ere eremu askotan duten aktibitate, dinamismo eta konpromisoagatik, “beharbada Goierriko, Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako zentro onenaren aurrean gaude” azpimarratu zuen zinegotziak.

Aldaketak zuzendaritzan

Jarraian, gai-ordeneko 6. puntuan Zuzendaritza Batzordean izango ziren aldaketen berri eman zuten eta Rufina Alonso sartzea proposatzen zen  Mª Victoria Otegi eta Mª Pilar Iturrioz ateratzen zirelako. Jarraian, Batzordeko kide gisa urteetan izandako dedikazio eta lanagatik eskerrak eman zizkieten ateratako kideei.   Batzarrak proposamena onartu ondoren, Batzordea honela eratuta geratu zen:

Raquel Bravo (Lehendakaria), Eva Escaño (Lehendakariordea), Javier Barandiaran (Idazkaria), Pedro María Díez (Diruzaina), Juan Ramón de Arriba (batzordekidea), Javier Otegui (batzordekidea), Izaskun Zubelzu (batzordekidea), Rufina Alonso (batzordekidea), Kristina Altuna (gizarte hezitzailea) eta Iñaki Dubreuil (zinegotzia).

“Galdera eta eskaeren” puntuan adierazi zen komeni zela beste finantziazio-bide batzuk topatzea eta inguruko enpresetara jotzea. Honi buruz labur eztabaidatu ondoren proposamenaren aldeko iritzia eman zen.   

Azpimarratzeko modukoak izan ziren Batzarrean izan zen giro ona, Batzordeko kudeaketaren onarpen orokorra eta urte berriari, lan eta ekintza-kanpaina berri bati ekiteko gogo bizia.