Tailer bat egingo da astero apirilean eta maiatzean esperientziatik abiatuta Ordiziarako interesgarriak izan daitezkeen proiektu sozialak garatzeko

Astearte honetan aurkeztuko da “BIZI POR – ZAHARTZE AKTIBOA ekimena.  Ordiziako Udalak, Gueske, Zuhaizti, Nagusilan eta Kimetz elkarteekin elkarlanean martxan jarriko duen 55tik gorako herritarrei zuzendutako programa da eta Enpresagintza fakultateko Mondragon Team Academy ekintzailetasun graduko ikasleen laguntza izango da.  

Bizi poz Zahartze aktiboa izeneko programa, 55 urte gorako gizon-emakumeei zuzendutako proiektua da eta taldean lana eginez, herrirako interesgarriak diren proiektu sozialak sortu eta aurrera eramatea da helburua, adin horretako pertsonen jakituria eta esperientzia baliatuz, zahartze aktiboa sustatuz. Apirilean eta maiatzean garatuko da egitasmoa.

Astean tailer bat egingo dute, proiektu sozialak sortu eta horiek aurrera eramateko behar diren baliabideetan trebatzeko. Lan autogestionatua, lidergoa, inteligentzia emozionala, sormena, ekimena eta ikuspuntu globala bezalako trebatasunak landuko dituzte Want enpresako adituen laguntzarekin.

Nahi duten herritar guztiek parte har dezakete. Ez da beharrezkoa titulazio akademikoa. Herriaren alde lan egiteko gogoa eta konpromisoa bakarrik behar dira. Proiektuan parte hartu nahi dutenek 638516973 telefonora deitu behar dute edo Ongizate sailera hurbildu informazioa eske.

Apirilaren 5ean, arratsaldeko 18:30ean proiektuaren aurkezpena izango da Zuhaiztiko aretoan eta momentuan bertan ere izena emateko aukera izango da.

Udalaren erabateko babesa

Iñaki Dubreuil, Gizarte Ongizateko zinegotziaren esanetan, udal gobernuaren konpromisoa zahartze aktiboaren ekimenak babesten segitzea da, autonomia pertsonala mantentzeko eta dependentzia egoeren prebentziorako behar diren errekurtsoak eskaintzea. Horrexegatik, aspaldidanik, Udalak babestu eta laguntzen ditu pertsona jubilatu eta nagusiak. Eta gizarte politikak garai berrietara eta behar aldakorretara egokitzen ditu, asistentzia-arretatik haratago eginez, kolektiboaren lidergoa eta parte-hartzea bultzatuta.  

Udal gobernuak ildo honetatik jarraitu nahi du, jubilatu eta nagusiek udalerriko bizitzan protagonismo eta parte-hartze gehiago izan dezaten. Horretarako bultzatzen dira eta bultzatuko dira zahartze aktiboko jarrerak, bizitza errespetua eta tratu ona. Honetarako beharrezko formazioa eta boluntariotza eta parte-hartzea sustatzeko tresnak eskaintzen jarraituko da, beti ere egoera ahulenean dauden pertsona nagusien bizitza kalitatea hobetze aldera.