Ibilbide desberdinak antolatu dira, ordiziarren artean egiteko eta osasuna hobetzeko

Datorren irailaren 24an, osteguna, GOAZEN ORDIZIA programa jarriko da martxan.  Proposamen honek ordiziarrak ibiltzera bultzatu nahi ditu, osasuna eta interakzio soziala sustatzeko diseinatu diren bederatzi ibilbideetako bat edo batzuk ezagutaraziz.    Egutegian ostegunero ibilzeko ibilbideak ezarri dira, eta partaidetzaren araberako bi aukera egongo dira. Irteera 10:30ean izango da Plaza Nagusitik eta bukaera Zuhaizti Jubilatuen zentro sozialeko tabernan.  Ordiziako Udalak hainbat talde sozial eta erakunderekin batera antolatu duen lehenengo irteera-ziklo hau abenduaren 10ean amaituko da.

Osasuna hobetzea, aktiboago sentitzea, Ordizia eta bere inguruak ezagutzea, lagun berriak egitea edo beste pertsona batzuekin esperientzia partekatzea, horiek dira ekimen honen bitartez lortu nahi diren helburuak.  Ibiltzeak ez du ahalegin handia eskatzen, eta ohitura bezala hartzen bada, antolatzaileek dioten moduan osasunari mesede egiten dio: bihotza indartzen da, tentsio arteriala hobetzen da eta  azukre eta kolesterol mailak jaisten dira.  

Luzera askotako ibilbideak planifikatu dira.  Bederatzi ibilbidetik bost Ordiziako Herrigune Historikoan egingo dira.  Laburrena 577 metrokoa izango da eta luzeena 1,7 kilometrokoa.  Gainerako lauak honako hauek dira: Arama (7,45 km joan eta etorria), Ibares (4,27 km), Otatza-Bustuntza (2,22 km) eta Senpere-Goierri Eskola (3,69 km). 

Paisaiaz gozatzea konpainian

Ibiltariek txartel bat eramango dute Santiago Bideko erromesek erabiltzen duten txartelaren antzekoa.  Horrela, ibilbide bakoitza bukatzean txartelean zigilua ipiniko diete eta horrela helmugara iritsi direla ziurtatuko da.  Horrekin batera, parte hartzen dutenei datu gutxi batzuk eskatuko zaizkie emaitzen azterketa bat egiteko.  Ibilbideak Zuhaizti zentro sozialean amaituko dira beti, hori izango da topaketa lekua, eta parte hartzen dutenek Eroskik eskainitako mokadu bat jan ahal izango dute.

Sustatzaile batzuk ibiliko dira antolatzaile lanetan eta ibilaldian zehar laguntzen. Bolondres hauek ikuspuntu sozialetik ekimen barneratzaile hau aurrera ateratzeko ahalegina egin dute eta konpainiaz eta paisaiaz gozatzeko parte hartzeko deia egiten dute.   Sustatzaileak ondorengoak dira: Zuhaizti Zentro Soziala, Nagusilan, Kimetz, Hegoaldeko Herriak/Ordizia Kolore, Ordiziako osasun zentroa, San Jose egoitza, eguneko zentroa, Ordizia-Goyeneche Garagune zentroa eta Ordiziako Udala.  

Informazio gehiago jaso nahi duten pertsonak edo zalantzen bat argitu nahi dutenak ondorengo tokietara jo dezakete:  Udaleko Gizarteko Zerbitzuak, Zuhaizti zentro soziala, osasun zentroa edo Majori kiroldegia.   Gainera, Zuhaizti zentroak hitzaldi txiki bat eskainiko du ekimena aurkezteko astelehenean 18:00etan.