2015 05 07 nepalLurrikararen kaltetuei diru-laguntza bideratzeko bi kontu korronte ireki dira

Ordiziako udal korporazio osatzen duten hiru alderdietako (EH Bildu, EAJ eta PSE-EE) bozeramaileek, Pedro Garcia Ordiziako mendigoizaleak eta Goierrin bizi den nepaldar talde batek lurrikarak astindu duen herrialde hartara laguntza bideratzeko deia egin zuten atzo arratsaldean Barrenan. Diru premia ez ezik, laguntza humanitario eta morala ere beharrezkoa dela adierazi zuten. Sendagaiak eta elikagaiak dira lehen beharrak. Diru-laguntza bideratzeko bi kontu korronte ireki dira, bat Kutxabanken eta Laboral Kutxan bestea.

Igor Eguren Ordiziako alkatea (EH Bildu), EAJren bozeramaile Jose Migel Santamaria, PSE-EEko Iñaki Dubreuil, Pedro Garcia mendizalea (lurralde hartan askotan egona) eta Euskal Herrian bizitzen 20 urte daraman Tilk nepaldarrak egin zuten atzoko agerraldian Nepali laguntzeko deia. Ordiziako Udalak Nepalgo herriarekin bat egiten duela esan zuen alkateak, eta udalak naturak eragindako larrialdi kasu eta hondamendietarako duen diru kopuru bat bideratuko duela adierazteaz gain, udala bere esku dagoen guztia egiteko prest dagoela nabarmendu zuen. Pedro Garciak elkartasun osoa adierazi zion Nepalgo herriari, eta laguntzeko prestutasuna erakutsi zuen.

Bi kontu korronte zabalik
Goierrin 100 nepaldar inguru bizi dira –horietatik erdiak Ordizian-, eta azken egunetan lanean dabiltza beraien herrialdera laguntza bidaltzeko moduak bilatzeko. Hegoaldeko Herriak-Pueblos del Sur elkartearen bitartez bi kontu korronte zabaldu dituzte (Kutxabak: 2095 5073 00 9114955885 eta Laboral Kutxa: 3035 0054 57 0540069019). Aipatzen dutenez, Nepalera nazioarteko laguntza iristen ari da mundu hainbat bazterretatik, baina gehiena hiriburuan geratzen da, eta haien asmoa mendiko herri txikietara bideratzea da.

Azken aste hauetan, Ordiziako perian ez ezik, Tolosan, Beasainen eta Larraitzen egon dira, eta guztira 7.000 euro bildu dituzte; diru hori helarazteko bertan lanean ari den elkarte bat bilatzen ari dira orain. Premiazko materiala momentu honetan botikak eta janaria da. Gainera, laster Monzoi garaia iritsiko da, euri asko egingo du, eta ondorioz, egoera okertzeko arriskua ikusten dute. Ordiziako eta inguruko nepaldarrak "oso-oso eskertuta" daude ordiziarrengandik jasotako babesarengatik, eta aurrerantzean ekintza gehiago egiteko asmoa daukate.