2013-10-23 Ongi etorri Ordiziara aurkezpenaAurten, berritasun modura, saioetan parte hartzen dutenek Ordiziako kultur eta kirol elkarteak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute

Ordiziara bizitzera etortzen direnei bizi diren tokia ezagutzera ematea da eta harreman berriak sortzea da Ordiziako Udaleko Aniztasun eta Migrazio sailak antolatutako Ongi Etorri Ordiziara! informazio saioen helburua. Saioen hirugarren edizioa da aurtengoa, eta urriaren 28tik abenduaren 18ra egingo dira, astelehen eta asteazkenetan, 10:00etatik 12:00etara, Barrena kultur etxean. Denera 42 orduko saioak izango dira, eta bukaeran udalak sinatutako ziurtagiri bat emango zaie parte hartzaileei.

Ainara Ormaetxea Aniztasun eta Migrazio saileko teknikariak eman du gaur ekimen honen berri prentsaurrekoan, zenbait udal teknikari eta Ordiziako kultur eta kirol talde batzuetako ordezkariak lagun zituela. Ormaetxearen esanetan, saio hauen oinarrian gizarte sare zabal bat dago, eta horixe irudikatu nahi izan dute agerraldian horrenbeste eragile bilduta. Saioetan parte hartuko duten hainbat lagun ere izango dira aurkezpenean.

Informazio saio hauetan honako gaiak landuko dituzte astelehenetik aurrera: Ordiziako eta Euskal Herriko kultura eta historia; Baliabide eta zerbitzuak (Osasun eta Hezkuntza sistema, Gizarte Zerbitzuak, lan arloa, atzerriko tituluen homologazioa eta Atzerritartasun Legea); eta aurtengo berritasuna, herriaren dinamika ezagutzea eta kultur-kirol ekintzetan parte hartze zuzena izatea. Horrez gain bisita gidatuak ere egiten dituzte, herriko azpiegiturak ezagutzeko: Barrena kultur etxea, AEK, EPA, KZgunea, Hizkuntz Eskola, Jubilatuen zentroa, Caritas, kirol azpiegiturak...

"Saioak Ordiziara bizitzera etorri direnei zuzenduta daude. Ez dute soilik etorri berriak izan beharrik, baizik eta urteak hemen daramatzatenek ere parte har dezakete. Bizkaitik, Nafarroatik edo beste edozein herrialdetatik etorritakoei ere zuzentzen gatzaizkio. Saio hauen helburua herritar horien integrazioa lortzea da, eta bide batez, kultura ezberdinen arteko elkartrukea ezagutu eta sustatzea", nabarmendu du Ormaetxeak.

Parte hartzaileen jatorria eta profila
Aurreko bi urteetan egindako saioen balorazioa "oso ona" izan dela adierazi du aniztasun teknikariak, "bai parte hartzaileen partetik eta baita saioen emaileen aldetik ere". Aurreko bi edizioetan 40 lagun inguruk hartu dute parte, eta aurtengoetarako 20 lagunek eman dute izena eta beste hamar itxaron zerrendan daude.

Jatorriari dagokionez, honako herrialdeetako pertsonek hartu izan dute parte: Espainia, Nepal, Pakistan, Maroko, Kuba, Argentina, Peru eta Txile. Aurten, berriz, Senegal eta Errumaniatik etorritako herritarrek gehituko zaizkie. "Gehienak gizonezkoak dira, hori da oraingo etorkinen profila, eta adin tartea 22 eta 44 urteen artean dago".

Ormaetxeak gogorarazi du Europar Batasunean eta beste herrialde batzuetan jaio diren pertsonek Ordiziako biztanleriaren osoaren %13 direla, eta horrek argudiatzen dituela saio hauek eta Ordizia Kolore bezalako ekimenak sustatzea. "Hemendik urte batzuetara nolako Ordizia nahi dugun aurreikusi behar dugu, eta horrekin batera, zer nolako elkarbizitza eredua landu nahi dugun. Orain haziak landatzeko garaia da aniztasun ikuspegitik".

Elkarteak bertatik bertara ezagutu
Saio horien beste balio erantsi eta oinarrizko bat "sare lana" da, Ormaetxearen esanetan. Proiektu hau aurrera eramateko herriko zein bailarako hainbat eragilek hartzen dute parte saioak emanez. Hauek dira: Udaltzaingoa, Kultura eta Euskara teknikariak, D'elikatuz, Osasun Zentroa, Gizarte Zerbitzuak, Goiekiko Enpresen Inkubategia, Lanbide, ELA eta LAB sindikatuak, eta hainbat herritar. "Sarean lan egiteko helburua denok noranzko berean joatea da".

Integrazio eta elkar ezagutza horretan beste urrats bat aurrera egiteko, aurten herriko kultur eta kirol elkarteekin harremanetan jarri da Aniztasun saila, saio horietan parte hartzen dutenek elkarte horietan praktika moduko batzuk egin ahal ditzaten. "Bakoitzak, bere gustuaren arabera, kirol, kultur edo gizarte elkarte bat aukeratuko du, eta lau astean zehar bertan ariko da elkartearen lana barrutik ezagutzen. Erreferentziazko pertsona bat edo bi ariko dira zubi lana egiten. Azken helburua, saioak amaitzen direnean elkarte horretan geratzea litzateke".

Gaur gaurkoz honako kultur eta kirol elkartek parte hartuko dute egitasmoan: Saskibaloia, futbola, Ordizia Rugby Elkartea, Txapagain esku pilota, Amets Bide dantza taldea, Caritas, Kimetz emakumeen elkartea, Goienetxe Fundazioa eta Ordiziako Gaztetxea. "Beste elkarteren batek aukera zabaltzen badigu, eskertu genuke".

Sareko kideen esperientziak
Informazio saioen sarea osatzen duten eragileen artean, Ordiziako Osasun Zentroko buru Sebas Gartziarenak, Ordiziako Udaleko Kultur teknikari Iñaki Hidalgok eta Euskara teknikari Aitzol Azpirozek hartu dute hitza. Gartziarenak adierazi du osasun arloarekin zerikusia duten gai guztiei buruzko informazioa ematen dietela saioetan parte hartzen dutenei: "Osasun zerbitzuak nola erabili, osasun txartela nola lortu, botiken arloan argibideak eman..."

Ordizia munduan kokatzen laguntzen die Hidalgok saioetako partaideei: "Datu historikoak ematen dizkiegu, geografikoak... Barrena kultur etxera bisita gidatu bat egiten amaitzen dugu saioa". Azkenik, Azpirozek nabarmendu du partaideak euskarak Ordizian duen garrantziaz jabetuaraztea dela bere zereginetako bat: "Euskararen jatorriaz aritzen gara, erabilera datuak ematen dizkiegu, euskaraz oinarrizko gauzak esaten irakasten diegu, eta ditugun baliabideen berri ere ematen diegu".