2013-10-16 Boluntario azokaren aurkezpenaTalde horien lana sustatu eta gizarteratzea da ekimenaren helburua, eta elkarteek haien esperientziak elkar trukatzea

Datorren larunbatean, urriak 19, Ordiziako III. Boluntario feria egingo da Plaza Nagusian eta haren inguruetan. Elkarteek egiten duten lana ezagutzera ematea eta herritarrak boluntario izatearen garrantziaz jabetzea dira feriaren helburu nagusiak. Hirugarren ekitaldi honetan 16 elkarte bilduko dira. Goizez (11:00-14:00) eta arratsaldez (17:00-19:00) egongo da irekita feria, eta erakusmahaiez gain, tailerrak, simulazioak eta animazio ekintzak ere zango dira.

Belen Maiza Ordiziako Udaleko Gizarte Ongizate zinegotziak eta ferian parte hartuko duten zenbait elkarteetako ordezkariek aurkeztu dute ekimena gaur udaletxeko batzar aretoan. Udaleko ongizate eta ferietako delegazioek antolatu dute feria, boluntariotzaren arloan lanean ari diren elkarteekin elkarlanean. Azoka bi urtean behin egingo da.

Boluntario lanari errekonozimendua
Gizartearen joeren eta balore aldaketen aurrean, berebiziko garrantzia hartzen du diru irabazi asmorik gabeko hainbat elkartek egiten duten lana, eta Maizaren esanetan, lan hori errekonozitu egin beharra dago. "Udala jakitun da zer lan egiten duten elkarte hauek guztiek eta zer suposatzen horrelako bilguneek, eta bide horretan, udalak lagundu egingo du"

Boluntario azokaren helburua taldeen eta elkarteen lana gizarteratzea da, Maizaren arabera. "Esperientziak trukatu eta kontzientzia sortzeko guneak ere badira feria hauek, eta boluntario berriak lortzeko aukera ematen dute". Zinegotziaren ustez, gizarte kohesionatuago bat sortzen ere laguntzen dute boluntario taldeek, bizi ikuskera solidarioago bat lortzeko bidean.

Hamasei elkarte plazan
Hauek dira larunbateko ferian bilduko diren elkarteak: Alkoholiko Anonimoak; Afagi; Caritas; Gurutze Gorria; DYA; Odol-emaileen elkartea; Katxalin; Nagusilan; Ordiziako Babes Zibila; Zuhaizti Jubilatuen zentroa; Kimetz emakume elkartea; Banku Etikoa; Ordizia Kolore; Matia Fundazioa (Ordizia Langukoia); eta gobernuz kanpoko bi erakundek: Nazioarteko Elkartasuna-Solidaridad Internacional eta Bakerako Lankidetza Batzarra..

Informazio guneen osagarri, bestelako ekintzak ere izango dira egunean zehar: Gurutze Gorriak eta DYAk simulazioak egingo dituzte. Bestalde, Matia Fundazioak, boluntario elkartea ez izan arren, Ordizia Lagunkoia proiektua ezagutzera emateko baliatuko du azoka eta inkestak egitera animatuko ditu herritarrak. Kale giroko ekintzak ere izango dira, haur zein helduentzat.

Udalak esku artean duen beste egitasmo baten berri ere eman du Maizak. Serso San Viator Gobernuz Kanpoko Erakundeak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin sortutako material didaktiko bat Ordiziako ikastetxeetara bideratuko du udalak, eskoletan elkartasunari buruzko motibazio saioak egiteko.

Boluntario izateko deia
Agerraldira gerturatu diren elkarteen artean Nagusilaneko Miguel Calvillok, Ordizia Koloreko Ainara Ormaetxeak eta DYAko Maixabel Usabiagak hitz egin dute. Larunbateko feria eguna aldarrikapen eguna ere badela adierazi dute, urtean zehar egiten den lan isilaren aitorpen modura.

Calvillok nabarmendu du ekonomia krisiak gizarte zerbitzuen galera ekarri duela, eta gizarteak ezagutu egin behar dituela gizarteak dituen arazoak. "Herritarrei beste aldera ez begiratzeko eskatuko nieke, Ordizia beti izan baita arazoei aurre egiten jakin izan duen herri bat".

Ordizia Kolore taldeari buruz aritu da Ormaetxea. Orain urtebete sortutako taldea da, eta Ordizian bizi diren jatorri ezberdinetako pertsonen topagunea izan nahi du. "Talde anitza gara, adin eta arlo ezberdinetako jendeak osatua". Hilean behin elkartzen dira, larunbat arratsaldeetan.

Usabiagak, azkenik, herritarrei boluntario egiteko deia egin die. "Guk gure denbora libre eskaintzen diogu lan honi, eta uste dugu lan egiteko herritar guztientzako tokia dagoela"