Urriaren 13an, asteazkena, Ordiziako Udaletxeko batzar aretoan ez-ohiko osoko bilkura egin zen, eta bertan 2022 urterako ordenantza fiskalak onartu ziren, EH Bildu eta Ordizia Orainen baiezko boto eta PSE-EE eta EAJren abstentzioarekin.

Honako zerga hauek ez dute aldaketarik jasoko datorren urtean eta izoztu egingo dira: ondasun higiezinei dagokien zerga, jarduera ekonomikoen gaineko zerga; eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zerga, hiri-lurrek irabazitako balioaren gaineko zerga; eta, haur eskolaren Udal zerbitzuagatiko tasa ere bere horretan geratuko da.

Ondasun Higiezinen Gaineko zerga arautzen duen ordenantza fiskalean etxebizitza hutsei dagokien errekarguan salbuespen berri bat jaso da herentzian jasotako etxebizitzei dagokiena.

“Oinordetza bidez eskuratutako etxebizitzetan, jatorrizko jabearen heriotzatik bi urte igaro arte ez da %50eko errekargurik aplikatuko. Testamenturik ez dagoelako oinordetza adierazpen bat izapidetu behar denean, epea bost urtekoa izango da. Epe horiek gehienezko edo maximo izaera izango dute, eta bertan behera geratuko dira lehenago etxebizitza jabe berrien izenean eskrituratzen den unetik”.

Beste ordenantza fiskaletan, KPIaren igoera (aurreikuspenak %3tik gorakoak dira) baino igoera txikiagoa onartu zen. Beraz, %1,5eko igoera izango dute honakoek: trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergak (iaz familia ugariei ireki zitzaien hobaria mantenduko da), zerbitzu publikoak eskaintzeagatik eta administrazio ekintzak egiteagatiko tasek, eta erabilera pribatiboko edo herri jabetza publikoa modu berezian aprobetxatzeagatiko tasek. Besteak beste, zaborraren tasak %1,5eko igoera izango du.

Tasa publikoetan COVID19ak eraginda eman diren hobariak bertan behera geratuko badira ere, xedapen gehigarri bat ere txertatu da ordenantza fiskaletan, egoerak okerrera egin eta murrizketa berriak etorriko balira modu azkarragoan hobariak aplikatu ahal izateko.