Udal zerga eta tasei dagokienez, aurten orokorrean KPIren igoera izango dugu. Kontutan izanda Fondo Foraletik datorren urterako aurreikusten den jaitsiera, beharrezkoa izan da KPIaren araberako %2.5a igotzea.

Guk Bildutik, Euskal Herriko ezkertiar eta soberanisten arteko bilgunea garen heinean, bizi dugun garai zailetan garbi dauzkagu zein diren gure lehentasunak, gutxien duten herritarren eskubideak bermatzean hain zuzen. Ez dugu udala baliabide gabe ikusi nahi, baina, honen konponbidea ere ez da herritarren karga fiskala handiagotzea, beraz, oreka mantentzera behartuta gaude. Diru sarrerak lortzerako garaian, gehien dutenek, gutxien dutenen aldeko esfortzua egitera bideratzea da gure helburua. Honen haritik, progresibitatearen irizpidea ere aplikatu dugu aurtengo zerga eta tasetan.
Denok dakigunez, nazioarteko mailako krisi ekonomikoak eragin handia izan du bai mundu osoan eta baita Euskal Herrian ere. Langabezia tasak igo dira, lan prekaritatea areagotu, soldata murrizketak, EREak etab. Testuinguru hau aintzakotzat hartuz, biztanleriak sortu ez duen krisi ekonomiko hau biztanleriak berak ordaintzea ekiditea ezinbestekoa delakoan gaude. Honenbestez, hobarien politika ezarri dugu, familia bakoitzeko partaide kopurua eta soldaten araberakoak hain zuzen.

Honez gain, iruzurraren kontrolaren jarraipena egingo dugu, ez baita batere bidezkoa eta zergen eta tasen azterketa egin dugun adinako seriotasunez, saiatuko gara iruzurra ekiditen.

Datuak kontsultatzeko, hemen dituzu PDF fitxategiak eskuragarri:

pdf2013 Zergak eta tasak

pdf2013 Hobariak

pdf2013 Ibilgailuen tarifak