Udal gobernuak  etorkizuna garatzen jarraitzeko behar diren aurrekontuak aurkeztu ditu,  ongizatea eta dinamismoa hobetzeko, ekonomia jarduera, gizarte zerbitzuak eta inbertsioak bultzatuz

Ordiziako Udal Gobernuko kideek (EAJ/PNV – PSE),  José Miguel Santamaría alkateak, Josi Iturrioz Ogasun zinegotziak eta Iñaki Dubreuil Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak beren 2019rako aurrekontu proiektua aurkeztu dute prentsaurrean eta proiektua  ostegun honetan oposizioko alderdiei azaldu zaie.

Aurrekontu hauen nahia Ordizia indartzen eta eraldatzen jarraitzea da, azken lau urteotan egin den moduan. Udalerriko jarduera ekonomikoa –industria, merkataritza, turismoa, ostalaritza- eta enplegua, gizarte zerbitzuak eta pertsonen ongizatea sustatzea eta kaleak eta auzoak hobetuz Ordizia erosoagoa, atseginagoa eta dinamikoagoa egiteko inbertsioak burutzea lehenesten dira. Hau da, Udalaren jardueraren muinean pertsonak eta ekonomia daude.

Legealdiko ardatzen inguruan lanean

Ordiziako Udalaren aurrekontu osoa 15.280.620,61 eurokoa da, zehatz-mehatz esanda.

Legealdian nabarmendu diren lehentasunei eusten zaie. Lehenik eta behin, udal antolaketa modernizatzea, administrazio elektronikoa lortu eta, hala, herritarrei zerbitzu hobea emateko.

Bigarren, lurralde politika diseinatzea, datozen 20 urteetako Ordiziaren garapenerako.

Hirugarren, eskualdeko industri ehuna bultzatzea, batik bat berrikuntzara bideratuta; tokiko plangintza estrategikoa, OrdiziaLab egitasmoaren bidez, merkataritza, ostalaritza eta turismoa hobetzeko; eta enplegua sustatzea, prestakuntza eta kontratazioaren bidez.

Laugarren lehentasuna gizarte politika da. Legealdi honetan prestatutako gizarte zerbitzuen plan estrategikoa gauzatzen jarraituko da, ahalegin berezia egingo delarik etxez etxeko laguntza eta familiei eta adingabeei laguntzeko programak hobetzen.

Eta bosgarren, herritarrei entzutea. Partaidetza-prozesuen bidez, hausnarketa ahalbidetuko da, hainbat arlotako jarduera esparruak diseinatzeko, hala nola kirol arloan, gizarte zerbitzuen arloan, gazteri arloan eta, orain, kultura arloan.   Hasiera-hasieratik, herriko elkarte eta eragileekin ari gara lanean, dinamika berriak bultzatzeko asmoz, horren adibide on bat iaz ospatutako 750. urtemuga izan delarik.

Santamaríak, Iturriozek eta Dubreuilek ordiziarren parte-hartzea izaten jarraitu nahi dutela azpimarratu duten, ‘hobekuntzei elkarrekin aurre egiteko, udalerriaren indartze hori, orain arte egin den bezala, erabaki konpartituak hatzeko parte-hartze prozesuak indartuz’.

Hiru milioi eta erdi inbertsioetarako eta hiru milioi diru-laguntzetarako

Udal Gobernuaren ordezkariek inbertsioetara bideratutako portzentaje handia nabarmendu dute: “aurrekontu osoaren %23,24a da, hau da, hiru milioi euro eta erdi baino gehiago, gutxietsi ezin daitekeen kopurua”. Hala, udal langileentzat %28,38a bideratzen da, zerbitzuentzat %24,30a, amortizazioentzat edo zorrak ordaintzera %3,76a eta gizarte, kultura eta kirol entitateei ematen zaizkien diru-laguntzetarako, berriz, %19,74a edo, beste era batera esanda, 3.015.798,53 euro.

Inbertsioen kapituluari dagokionez, kontuan hartzen dira joan den azaroan gauzatu zen herritarren partaidetza-prozesuaren bidez jasotako ekarpenak; guztira, 233 ordiziarren erantzunak jaso ziren.

Hauek dira 2019rako proposatzen diren inbertsio inportanteenak:

1-Hiri Garapenerako Plan Orokorra: 156.090 euro.

2-Tximistatik Mallutz aldera doan ingurunea berrurbanizatzea, irisgarritasuna hobetzeko: 203.355 euro.

3- Urdaneta Kalea urbanizatzeko lanen bigarren zatia: 141.263,46 euro.

4- Lapurdi Kalea berrurbanizatzea: 21.125 euro.

5-Jolas parke bat estaltzea eta haur jolasak eta zuhaitz txorkoak hobetzea: 140.000 euro.

6-Hiri baratzeen eremua handitzea: 10.135 euro.

7-Urdaneta ikastetxean, eraikinak pintatzea eta beste hobekuntza batzuk egitea: 162.428 euro.

8-Majori kiroldegia berritzea eta handitzea eta Altamirako soropila berritzea: 2.029.073 euro.

9-Eguneko Arreta Zentroa: 435.000 euro.

10-Larrialdietarako etxebizitza bat sortzea: 40.000 euro.

11-Merkataritza berrindartzea: 148.000 euro.

12-Helduentzako programa, etxebizitzan sutea detektatzeko: 15.500 euro.

Gizarte zerbitzuen hobekuntza

Aurrekontu hauei esker, indartu egingo dira gizarte zerbitzuak. Hobetu egingo dira etxez etxeko zerbitzua eta familiei eta adingabeei laguntzeko programa gizarte eta heziketa arloetako esku-hartzeetan. Gainera, prebentzioa landuko da osasunaren arloan, adikzioen eta arreta komunitarioaren arloetan, hainbat elkarterekin batera lan eginez (Afagi, Kattalin…). Eta herritar guztiengana iristea da asmoa, egunero-egunero lan eginez eta epe luzeko ikuspegi batez.

Enplegua sustatzeko neurriek garrantzitsuak izaten jarraituko dute aurrekontu honetan. Langabezian dauden pertsonen prestakuntza, ekintzailetza eta langabezian daudenen aldi baterako kontratazioa bultzatzen jarraituko dute.

‘Aurrekontu hauek hobetzeko eta denon artean nahi dugun Ordizia eraikitzen jarraitzeko oposizioari elkarrizketa, elkar ulertzea’ eskainiz amaitu dute.