2014-12-19 aurrekontuakEnplegua, irisgarritasuna, ingurumena, mugikortasuna eta politika sozialak daude 2015eko udal aurrekontuaren oinarrian

Oiangun, Buztuntzan eta 21-Pn egingo dira inbertsio nagusiak

Ordiziako Udalak ia 15 milioi euroko aurrekontua orokorra izango du 2015ean. Udalbatzak atzo iluntzean onartu zituen datorren urterako kontuak, Bilduko udal gobernuaren aldeko botoekin. Aurreko urteetako ardatzei jarraituz osatu dira 2015erako aurrekontuak, baina aurtengoak, inbertsioen atalei begira bereziki, izango du mugarri bat: 'Ordizia Zabalik' aurrekontuen osaketarako prozesua. 1.260.000 euro bideratuko ditu udalak herritarrek eskatutako hainbat proiektutarako eta udalak berak landu dituen hiru proiektu nagusiak garatzeko.

Igor Eguren alkatea, Izaro Intsausti Ogasun, Komunikazio eta Partaidetza zinegotzia, Belen Maiza Kultura eta Gizarte Ongizate zinegotzia eta Juan Mari Gereñu Garapen eta Kiroletako zinegotzia prentsaurrera atera dira gaur 2015eko aurrekontuen berri emateko. Onartutako aurrekontuarekin "oso pozik" dago udal gobernua, Egurenek adierazi duenez: "Gustura gaude, iaz bezalaxe, aurten ere aurrekontuak abenduan onartu direlako, eta gustura gaude 'Ordizia Zabalik' prozesu arrakastatsuaren bidez herritarren egindako hainbat eta hainbat ekarpen aurrekontuan txertatu direlako".

Enplegua, irisgarritasuna, ingurumena, mugikortasuna eta politika sozialak izango dira 2015eko aurrekontuen ardatz nagusiak, alkateak nabarmendu duenez: "Horrez gain, datozen urteetan jarraitu beharreko bide-orria ere finkatuta geratu da 'Ordizia Zabalik' prozesuaren bidez. Jasotako 400 ekarpen baino gehiagorekin 45 proiektu lehenesten dituen oinarrizko dokumentu bat osatu da, eta 45 horietatik hainbat 2015ean egin egingo dira". Auzoetan beharrak (mantenua, garbitasuna, biziberritzea...) asetzeko lehen urratsak ere eman dira dagoeneko.

EAJren jarrerari ere aipamena egin dio alkateak. Iaz Bilduk eta EAJk izandako negozioazioen ondoren jeltzaleen 9 proposamen aurrekontuan txertatu zituen udal gobernuak, nahiz eta botazioa abstenitu, eta horietatik 6 gauzatu egin dira, bi martxan daude eta bat ez da bete baldintza politikoak zeudelako. "Aurten 12 proposamen egin dizkigute folio batean idatzita, inolako zehaztapenik gabe, eta esan behar da horietatik erdiak eginak daudela dagoeneko. Haiekin kontsiderazio falta izatea egotzi diote udal gobernuari, baina haiek ere badakite hori ez dela horrela. EAJren alkategaiari dei egiten diogu herritarren beharren alde egiteko, eta ez komunikabideen bitartez herritarrak nahasten aritzeko".

2015eko aurrekontuak
Aurrekontu orokorra: 14.980.000 €.
Udalaren berezko aurrekontua: 13.765.000 €.
San Jose egoitza: 2.700.000 €
Majori kiroldegia: 1.575.000 €
Herri Antzokia: 100.000 €.
*Horri guztiari Ordizia Lantzeneko aurrekontua gehitu behar zaio.

Herritarrek lehenetsitako proiektu nagusiak
Frontoian berogailua jartzea: 30.825 euro
Barrena parkea eraberritzea: 140.000 euro
Herriko taldeentzako lokalak egokitzea Dorrean: 49.750 euro
Majoriko kuboko bigarren kantxaren zorua: 47.734 euro
Ekitaldi zibilak egiteko azpiegitura egokitzea: 28.000 euro
Erraldoi eta buruhandiak berritzea: 13.310 euro
Garagartza plazan estalpea jartzea: 70.000 euro
Ordiziako historiaren tematizazioa: 12.000 euro

Udal gobernuaren hiru inbertsio nagusiak
-21-P biziberritzea: Igogailua jarri Goierri kaletik Urdaneta kalera, eta lokasl hutsak negozio bihurtzeko laguntza programa bideratzea: 130.000 euro
-Oianguko proiektuaren garapena. Taberna-jatetxe zerbitzua martxan jartzea: 150.000 euro
-Oria ibai ertzeko pasealekua eraberritzea, Buztuntzan: 282.600 euro