2014-10-30 zergaketatasakEra berean, hainbat hobaria ere onartu ditu Udalbatzak, behar gehien duten herritarrak aintzat hartuta

Ordiziako Udalak ez ditu 2015eko Zergak eta Tasak igoko. Atzo iluntzean egin zen osoko bilkuran hartu zen erabakia, Bilduren aldeko botoekin, eta EAJren eta PSE-EEren abstentzioarekin. Azken urteetan KPIaren araberako igoera soilik aplikatu du udalak zerga eta tasetan, baina, 2013ko abuztutik 2014ko abuztura KPIaren indizea negatiboa izan denez, 2015erako zergak eta tasak bere horretan uztea erabaki du. Horrez gain, eta behar gehien duten herritarren egoera aintzat hartuta, hainbat hobaria ere onartu ditu.

Igor Eguren alkatea, Izaro Intsausti Ogasun, Partaidetza eta Komunikazio zinegotzia, eta Belen Maiza Gizarte Ongizate eta Kultura zinegotzia prentsaren aurrera azaldu dira gaur erabakiaren berri emateko. Egurenen esanetan, zerga politika udalak egiten dituen gastuekin lotu behar da, eta udal baliabideak ordiziarren ongizatea hobetzera bideratu behar dira.

Zerga politika lau irizpideren arabera oinarritu du Ordiziako Udalak, alkateak zehaztu duenez: "Progresibitatea: gehien duenak gehiago ordaindu behar duelako; Ekitatea: edozein errentak tratamendu bera izan behar duelako: Denok berdinak gara arauen aurrean, pribilegiaturik gabe: eta gardentasuna kudeaketan". Egurenek gogoratu du 2013an (%2,5) eta 2014an (%1,5) KPIaren araberako igoera izan zutela soilik zergak eta tasek, eta 2015ari begira, KPIaren indizea negatiboa izan denez, igoerarik ez ezartzea erabaki dela. EAJ eta PSE-EE udal taldeetako ordezkariekin bitan bildu da (urriaren 8an eta 15ean) eta izandako elkarrizketen ondoren atera da aurrera erabaki hau.

Hobarien politikaren lanketa
Zergak eta tasak ez igotzeko hartutako erabakiaz gain, krisi ekonomikoari ere erreparatu dio Ordiziako Udalak, eta hori dela eta, Izaro Intsausti Ogasun zinegotziak nabarmendu du hobarien politika landu eta aztertu duela udalak, behar gehien dituzten herritarrak aintzat hartuta. "Hobaria batzuk egokitu egin ditugu, eta beste batzuk berriak dira".

2015ari begira onartutako hobarien berri eman du Intsaustik:

ONDASUN HIGIEZINEN ZERGA
-"Baliabide gutxi duten familiei hobariak aplikatzeko taula berria onartu dugu. Orain arteko taula termino errealetara eguneratu dugu. Honetarako INEk argitaratzen duen "probezioaren muga" hartu dugu erreferentziatzat eta neurri honek, krisia pairatzen ari diren ordiziarren argazki errealistago bat atera, eta krisia dela eta, herrian dugun egoera ezagutzeko balioko digu.

-Eguzki energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta eta martxan dituzten etxebizitzei %25eko hobaria ezarriko zaie. Urtero baieztatu beharko dute martxan daudela.

-Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza hutsen programan, Ordiziako Udalaren alokairu sozialaren programan eta desjabetutako familientzako etxebizitza alokatzen parte hartzen dutenei %50eko hobaria ezarriko zaie.

-Babes Ofizialeko etxebizitzen jabeei, behin betiko kalifikazio lortzetik lehen 3 urtetan %25eko hobaria aplikatuko zaie. Herrian balio katastralen azterketa egin da, eta ikusi da etxebizitza berri horiek balio katastral handia daukatela, %25eko hobaria aplikatzea onartu da, gainerako herrietan aplikatzen diren hobariak erreferentziatzat hartuz.

-Etxeak eraikitzeko enpresentzako ezarrita dagoen %90eko hobaria, %50era jaitsiko da. Gipuzkoako gainerako herriekin alderatu da eta hobari hau berdintzea erabaki da.

AUTOEN ZERGA
Kotxe elektrikoekin hartutako neurriarekin batera, gasarekin dabiltzan autoei, 1989/14 Foru Arauaren 4.5 a) artikulua kontuan hartuta, %30eko hobaria ezarriko zaie.

ERABILERA PRIBATIBOKO EDO HERRIKO JABETZA PUBLIKOA MODU BEREZIAN APROBETXAGATIKO TASAK
Mahaiak eta aulkiak: Ezarritako tarifak %70an aplikatuko dira erdigunetik kanpo dauden tabernei.