2013-12-19 Aurrekontuen prentsaurrekoaUpabi eta N-1eko lotura eta Urdaneta kalearen erdia oinezkotzea dira 2014ko inbertsio nagusiak

Udal Gobernuak EAJren proposamenak aurrekontuan txertatzea adostu du jeltzaleekin

Krisiari aurre egiteko neurriak indartzea da Udal Gobernuaren erronka nagusia 2014 urterako eta horixe islatzen dute 2014ko aurrekontuek. Kudeaketa eraginkorrak fruituak ematen ditu eta azken hilotako lanketaren ondotik, Ordiziako Udalak abenduan onartu ditu lehenengo aldiz aurrekontuak. Organismo autonomoak biltzen dituen aurrekontu orokorra 18.340.526 eurokoa da, eta udalaren berezko aurrekontua 11.811.123 eurokoa.

Politika sozialetan egindako inbertsioa (udal aurrekontuaren ia %15), enpleguaren sustapena sendotzea (14 lanpostu berri), merkataritza suspertzea (negozio berriak irekitzeko diru-laguntzak) eta alokairu soziala sustatzeko kanpainari jarraipena ematea dira datorren urterako helburu nagusiak. Horrez gain, azpiegiturei eta mugikortasunari lotutako bi inbertsio nabarmen egingo dira datorren urtean, Ordiziaren garapenean garrantzia izango dutenak biak: Upabi - N-1 lotura (Agarre bidea-671.000 euro) eta Urdaneta kalearen erdia oinezkoentzat bihurtzea (552.000 euro).

Udal Gobernuak irailean hasi zuen aurrekontuen lanketa, lehen irizpideak jarri asmoz, eta harrezkero asko izan dira egin diren bilerak. Urria-azaroa bitartean zortzi bilera egin ziren herritarrekin. Udal zerbitzuburuekin, teknikariekin eta delegazioekin ere bilerak izan dira, eta alderdiei bilera orokor batean eman zitzaien aurrekontuen berri azaroaren 27an, eta abenduaren 4an inbertsioen berri. EAJrekin, berriz, hiru bilera egin dira.

EAJrekin adostasuna
2014ko aurrekontuak atzo iluntzeko osoko bilkuran onartu ziren, gobernu taldearen aldeko botoekin. Nabarmentzekoa da, hala ere, EAJrekin lortutako adostasuna. EAJk 11 ekarpen helarazi dizkio egunotan udal gobernu taldeari, eta gobernu taldeak proposamenak aztertu eta aintzat hartzea erabaki du, nahiz eta bozkatzerakoan abstentzioaren alde egin duten jeltzaleek. "Aurrekontu honek argi eta garbi erakusten du udalaren jarrera irekia dela eta akordioetara iristeko borondatea duela. Aipatu behar da baita ere aurrekontuaren jarraipena egiteko adostasuna lortu dugula EAJrekin", adierazi du Igor Eguren alkateak.

Aurrekontu orokorra: 18.340.526€

Udala: 11.811.123 €
Herri Antzokia: 177.495€
Majori kiroldegia: 1.462.271€
San Jose Egoitza: 2.663.480€
Ordizia Lantzen: 2.226.157€

2014RAKO EGITASMOAK

1. Politika sozialetan inbertsioa

-Enpleguaren sustapena sendotuz (14 lanpostu berri). 215.935 euro (2013: 160.000 euro).

-Merkataritza suspertzea (negozio berriak irekitzeko diru-laguntzak). 28.000 euro (2013: 8.000 euro)

-Alokairu soziala sustatzeko kanpaina jarraipena ematea. 21.600 euro (2013: 10.800 euro)

2. Gastu arrunta murriztea

- Biltegien alokairuan urtero bataz beste gastatutakoa (90.000€)
0 izango da 2014an Udalaren ondarea areagotu delako. 90.000€tik -> 0€ra

- Eraikin publiko eta kaleko argiterian, energia berriztagarrietan inbertituko da, elekrizitate gastua nabarmen murriztuz. 20.000€

3. Ingurumenarekiko konpromisoa indartzea

-Oiangu parkea. Partaidetza prozesuan lehenetsitako proiektuen jarraipena:
-Baserria eraberritzea, 100.000€.
-Aranzadirekin lankidetza-hitzarmena 5 urterako, 17.500€
-Garapen jasangarrian, 49.120€

4. Herriko elkarteen beharrak aztertzea

- Herriko elkarteen lokal beharrei erantzuteko, lokal ezberdinen birgaitzea, 25.000€

2014RAKO INBERTSIO NABARMENENAK
Upabi - N-1 lotura (Agarre bidea) 671.000€
Urdaneta kalearen erdi-oinezkotzea 552.000€