IMG 3561Urte askoan herriko musikariek izan duten behar bati irtenbidea emango dio udalak lan horiek eginda

Datorren astelehenean, uztailak 1, hasiko dira Majorin musika taldeentzako entsegu lokalak egokitzeko lanak. Kiroldegi barruko futbol zelaiaren aldamenean egingo dira lokal horiek, eraikin berriaren barrenean. Zortzi lokal izango dira guztira, eta Ordiziako Udalak 40.000 euro bideratuko ditu. Enplegu planaren bitartez kontratatutako langileek egingo dituzte lanak. Lokal horiek egokituta, herriko musikariek urte askoan izan duten behar bati irtenbidea emango dio udalak.

Musika taldeetako ordezkariekin elkarlanean garatutako proiektua izan da entsegu lokalak egitea. Herritarrei enbarazurik sortuko ez dien tokia izatea, irisgarritasun aldetik egokia izatea eta funtzionamendu txukun baterako bermeak izatea ziren proiektua abian jarri aurreko oinarriak, eta udalaren iritziz, lokal horiek Majoriko eraikin horretan eginda, oinarri horiek beteko dira. Bide batez, eraikinari erabilpen berria emango zaio, kirolaz kanpoko beste jarduera batzuei bide emanez.

"Majori kokapen ezin hobea da herritarrek musika soinuekin arazorik izan ez dezaten, eta irisgarritasun aldetik ere egokia da, taldeek haien musika tresnekin sartu-irtenean ibili ahal izatea baimentzen baitu. Kiroldegiko erabiltzaileei ere ez die eragingo lokal berri horien sorrerak, aparteko sarbide eta funtzionamendua izango baitute taldeek", adierazi du Ordiziako Udalak.

Ordiziako Trobadore Alaiak taldeko kideek ere lokal horien sorkuntzan parte hartuko dute, eta hainbat dinamika jarriko dituzte martxan. Taldea orain dela 14 urte sortu zen, eta haren helburuetako bat musikarientzako entsegu lokal publikoak lortzea izan da. Gaur egun hogeitik gora musika talde daude Ordizian, eta horietako askok Beasainera joan behar izaten dute entseguak egitera. Inbertsio horrekin urte askoan egondako behar bat gogobeteko da. Entsegu lokalak udazkenerako prest izatea aurreikusten du udalak.