Ordiziako Okorrobidea, Altamira kalea eta Gernikako Arbolaren pasealekua lotzen dituen kale zatia berritzeko lanak hasi dira aste honetan. 1.376 metro koadroko eremua da eta ur sarea eta  saneamendua, espaloia eta errepideko asfaltoa berrituko dira. Oinezkoak babesteko plataforma bat ere jarriko da tarte batean. Lanak bi hilabetez luzatuko dira, gutxi gora behera.

Urbanizazio obra hau Ur Kontsortzioak eta Udalak elkarlanean egingo dute, beste behin, bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren baitan. Adostasun honen fruitu eman du urteotan beste hainbatetan, izan ere, auzo honetan Okorrobidea eta Altamira kaleak  eraberritu dira eta, orain hasi den lana amaitzean, Urdaneta kaleko azken zatia, 68 eta 78 zenbakien artekoa ere urbanizatuko da.

Ekimen hauekin hirigintza arloko beharrak asebete nahi dira, herri seguroago eta atseginago baten alde eginez.