Semaforo bat, bi urbanizazio eta bi komun publiko dira urte hasiera honetako berriak

Ordizian, Zaldibiabidean, Majori plazako 7-8 zenbakien ondoko oinezko pasabidearen  parean semaforoa jarri da ostegun honetan. Beste aldean industria eta merkatal gunea daude eta pertsona askok gurutzatzen du N-Iera eta  Ordiziara eta Zaldibiara daraman errepidea. Zirkulazio asko duen errepidea da eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzea da hartutako neurriaren helburua.

Hala, Ordiziako Udalak atzotik martxan dagoen semaforoa jartzeko obra zibila egin du. Erabilera sistemari dagokionez,  errepidea gurutzatu nahi duten oinezkoek  botoia sakatu behar dute eta, jakina, argi berdea piztean gurutzatu. Gainera, noranzko bakoitzean radar informatibo edo pedagogiko bana jarriko da laster gidariei daramaten abiadura zein den jakinarazteko.

Udal gobernuak ordiziarren beharrak ezagutzeko 2018ko aurrekontuak osatzeko burutu zuen parte-hartze prozesuan hainbat herritarrek egindako proposamenetako bat izan zen gune horretan semaforoa jartzearena. Prozesu haren baitan definitu ziren Udala egiten ari den inbertsio gehienak.

Urbanizazioak berritzen

Beste alde batetik, aste honetan ere Ordiziako bi eremuetan urbanizazioa berritzeko lanen esleipen prozesua jarriko da matxan. Deialdia bakarra izango da, enpresak berak biak burutzeko. Horietako bat Urdaneta kaleko azken zatiari (Malkasko) dagokio eta bestea Okorrobidea eta Gernikako Arbolaren pasealekuaren artean dago. 2017an Okorrobidea berritu zen eta zatia hau aurrerago egiteko utzi zen.

Ur-hornidura, euri eta saneamendu sareak, espaloiak eta errepide-zoruak berrituko dira. Malkaskoko eremua 1.497 metro koadrokoa da eta 1.238koa Okorro-Gernikakoa. Lanen hasiera martxoaren amaieran hastea aurreikusten da.

Komun publikoak Eskarabillan eta Altamiran

Berehala egingo den beste berrikuntzetako bat da bi auzoetan komun publikoak jartzea. Horietako bat Eskarabilla auzoan, haur parkearen inguruan, jarriko da eta Altamiran Zumalakarregi eta Lazkaomendi kaleek bat egiten duten gunean bestea. Moduluak izango dira eta martxoan jarriko dira.