Bizilagunek 2017ko aurrekontuak zehazteko aurrera eramandako parte-hartze prozesuan eskatutako eskariari erantzun nahi zaio

Hilaren 22an hasiko da Altamira kaleko urbanizazioa berritzeko obra. Lanak hamasei asteko iraupena izango duenez, maiatzaren erdira edo bukaerara arte luzatzea aurreikusten da.  Astearte honetan zuinketa lana egin zen, une honetan enpresa segurtasun eta osasun plana prestatzen ari da eta datorren astean laneko etxolak jarriko dira. Astelehenean bandoa jarriko da etxeetako atarietan.

Herriko auzoetan hainbat berrikuntza egiten ari da Ordiziako Udala azken bi urteotan. Altamiran, Okorrobidea kaleko obrarekin hasi zen eta Altamira izena duen kalearen txanda iritsi da orain. Hemen ere, ur-hoditeria berritu, euri-ur eta ur-zikinen hodiak bereizi, saneamendu sistema aldatu, espaloia zabaldu eta errepideko zorua berrituko da. Argiteria ondo dago eta dagoena mantenduko egingo da.Eremuak 1.651 metro koadroko azalera du eta kalearen luzera 167 metrokoa da.

Lurkide enpresak egingo du lana, 300.000 eurotan esleituta. Gipuzkoako Ur-kontsortzioak esleitu du, Ordiziako Udalarekin 2009an uraren ziklo integrala berritzeko sinatutako hitzarmenaren baitan.

Hamasei astez luzatuko da obra. Beraz, ekainaren erdira arte ez da amaituko. Errepideak zentzu bakarra du gaur egun, gorantz joateko, eta ez da aldatuko. Egungo hiru metroko zabalera mantenduko du. Eskuineko espaloia zabalduko da bi metrora iritsi arte. Ezkerreko partean hasierako zatian espaloia badago eta mantenduko egingo da, hobetuta. Gorago, beste aldera pasatzeko oinezko pasabideak prestatuko dira, arriskua ekidituz.

Jose Miguel Santamaria alkateak prentsa aurrean azaldu duenez, ‘proiektua 2017ko aurrekontuetan aurrikusita zegoen eta parte-hartze prozesuan jasotako ekarpenen artean dago. Bere onarpenerako lehenengo aldiz Osoko bilkurara eraman genuenean, oposizioak bere gehiengoa erabiliz atzera bota zuen. Hurrengo Osoko bilkuran aurkeztu genuen berriz eta oraingoan, Altamirako bizilagunek obra egiteko eskaera egin zuten.  Inork ez zuen aurka bozkatu’.

Herritarrei entzunda gertutik beharrak ezagutzea eta parte hartzea egonkortzea dela helburu azpimarratu du Santamariak. Hastear dagoen proiektu honekin herri atseginagoa, jasangarriagoa eta seguruagoa garatu nahi da, auzoetara ere iritsiz. Aurten Oianguren kalea ere berritu nahi dela aurreratu du alkateak.