Galdeketa egiteko martxoaren 12-13ko asteburua proposatu da

Ordiziako Udalak zabor bilketa sistema aukeratzeko egingo den herri galdeketari data jartzeko martxoaren 12n edota 13  proposatu ditu.  Prozesua definitzeko sortutako Hondakinen Mahaia atzo elkartu zen lehenengo aldiz. Datuak jaso eta egin beharreko ekintzen kronograma aurkeztu zen, datozen asteetan lantzeko. 

Sasieta Mankomunitateko teknikariak analisi teknikoa aurkeztu zien Mahaiko hamahiru kideei lehenengo jardunaldi honetan. Analisi honetan jasota daude, batik bat, zabor bilketa sistemak, kostu orokorrak eta hondakinen araberakoak eta herrien arteko konparaketa.

Mahaia gainean  datozen asteetako ekintza plana jarri zen. Hala, hurrengo bilerak datozen bi asteartetan izango dira, urtarrilaren 26ean eta otsailaren 2an. Helburua, galdeketaren metodologia eta galdera edo galderak zehaztea izango da. Jarraian, beti ere proposatutako kronogramaren arabera, otsailaren 8a eta 19a bitartean,  kontsultara eraman behar diren prozedura eta galderak behar dituen betebehar administratiboak  egingo lirateke.

Otsailaren 22an jarriko litzateke abian komunikazio kanpaina,  martxoaren 4ra, eta teknikariek prestatutako informazioa helaraziz. Astebete beranduago, martxoaren 12an edota 13an, Ordizian zabor bilketa sistema aukeratzeko galdeketa egiteko unea izango litzateke. 

Hondakinen Mahaia hamahiru pertsonek osatzen dute: alkateak, bost ordezkari politikoek (alderdi bakoitzeko bat, Udalean ordezkaritza izan ala ez), Ingurumeneko udal teknikariak, Landarlan Ingurumen elkarteko ordezkari batek, Herri Ekimeneko kide batek eta herritarren lau ordezkariek.