2015-02-05 kolunbarioKolunbarioak 50 hobi ditu, eta herritarren eskaeraren arabera, beste hiru kolunbario jartzeko aukera dago hilerrian

Ordiziako Udalak errautsak jaso ahal izateko kolunbario bat jarri du gaur hilerrian. Memorial Parks motako kolunbario hau granito trinkoz egina dago barruz zein kanpotik, pentagono itxurakoa da eta 2 metroko diametroa du. Guztira 50 hobi ditu (0.30x0.30x0.30 metrokoak). Udalak 2013an erabaki zuen bide honi ekitea, eta iazko udan lau kolunbario jarri ahal izateko lur-saila egokitu zuen hilerrian; gaurkoa instalatuta, beste hiru jartzeko aukera legoke oraindik, beti ere herritarren eskaeraren arabera. Udalak 12.000 euro (BEZa parte) aurreikusi zituen aurrekontuan erosketa hau egiteko. Zerbitzua ematen, berriz, datozen egunetan hasiko da udala.

Gaur egungo gizartean hilotzak errausteko gero eta joera handiagoa dagoelako erabaki zuen iaz Ordiziako Udalak kolunbarioak jarri ahal izateko obra zibila egitea. Herritarren aldetik ere halako instalazio bat izateko beharra ere jaso du udalak. Kolunbario berriak leku gutxi okupatzen du, eta zerbitzu egokia ematea bermatzen du. Horrez gain, errautsak jasotzeko orain arte zegoen aukera baino garbiagoa da hau, mantenurako errazagoa, eta ez dago inolako obrarik egin beharrik.