Lokal jabeei, lokalen erabiltzaileei eta etxeetako administratzaileei bileran parte hartzeko deia egin die udalak

Datorren asteazkenean, hilak 19, Gazte Lokalen Ordenantzari buruzko azken erabakiak hartzeko bilera bat egingo da udaletxeko batzar aretoan, 18:00etan. Ordiziako Udaleko Zerbitzuen delegazioak lokal jabeei, lokalen erabiltzaileei eta lokalak dauden etxeetako administratzaileei bileran parte hartzeko dei berezia egin nahi die.

Ordiziako Udalbatzak iazko udaberrian onartu zuen behin-behinean Gazte Lokalen Udal Ordenantza, eta alegazioak aurkezteko legezko epearen ondoren, hainbat ekarpen egin zaizkio testuari. Asteazkeneko bileran ordenantzaren azken zirriborroa aurkeztuko zaie eragileei. Gaur gaurkoz, dozena bat gazte lokal daude Ordizian.