2014-01-29 Plazako komunakAuzoz auzo dinamikaren barruan Erdiguneko herritarrek egindako eskaeretako bat zen

Plaza Nagusiko komun publikoak zabalik daude berriz gaur goizaz geroztik. Ordiziako Udalak 2012an egin zuen Auzoz auzo dinamikaren barruan, Erdiguneko herritarrek egindako eskaeretako bat izan zen komunak berritzea, eta azaroaren 11z geroztik itxita egon ondoren, gaur goizean zabaldu dira.

Ordiziako Udalak iaz sustatutako Enplegu Planaren bitartez kontratatutako langileek egin zituzten komun zaharren eraiste lanak. Obra-hondakinak atera eta hoditeria garbitu eta gero, igeltsero, elektrikari eta pintoreen txanda etorri zen gero.

Irisgarritasun baldintzak betetzen dituen komun itxi bat, pixatoki bat eta konketa bat ditu komun publiko berriak. 36.000 euroko aurrekontua zuten lan horiek.

Auzoz auzoko bosgarren aktuazioa
Ordiziako Udalak 100.000 euro zertan gastatu erabakitzeko 2012an egin zuen Auzoz auzo prozesuan lehenetsi ziren sei proiektuetako bat zen komun publikoak berritzea. Iazko udaberrian, Otegi-Enea auzoan ezinduetako arrapala (ranpa) eta landare-hesi berriak jarri ziren eta Altamirako Okorro parkea ere konpondu zen. Udazkena iristearekin bat, Altamira auzotik irteteko Zumalakarregi kaleko zuloa ere konpondu zen.

Datozen egunetan Eskarabilla auzoan haur parke berri bat irekiko du udalak, Bonberia parean. Eguraldiak laguntzen duenean, segurtasun zorua jarriko diote parkeari, eta orduan zabalduko da. Hori izango da 2012tik aurreikusitako seigarren eta azken aktuazioa.