Gaur onaAbuztuaren 6eko iluntzean, berriz, skate parkera igarotzeko pasabidea jartzen hasiko da CAF enpresa

Datorren astelehenean, abuztuak 2, hasiko dira tren geltokitik Bonberia pareraino joango den bidegorriaren lanak, 280 metro guztira. Bidegorria Goierriko Goraiki enpresak egingo du, 97.728,68 euroan.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiari  udalaren esker ona adierazi nahi dio Iban Asenjo Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotziak, izan ere, Mugikortasun Zuzendaritzatik 55.000€ko diru-laguntza jasoko du bidegorri proiektu honek. Irailaren bukaerarako lanak amaituta egotea aurreikusten du Ordiziako Udalak.

Zati hori amaitzen denean, Ordiziarentzat estrategikoa izango den bidegorri ardatza erabilgarri izango dela nabarmendu du Asenjok: "Alde batetik, CAF enpresarekin lotura zuzen bat lortzen dugu eta bestetik, Ordiziatik Beasainerako txirrinduen joan etorria asko hobetuko dugu. Ezin dugu ahaztu, Beasainen ere ardatz bereko bidegorri zatia urte bukaerarako amaituta izan nahi dutela, Porteria inguruan". Bonberia parean dagoen plazatxoan, berriz, gune berde berri bat sortuko du udalak.

Santa Ana jaiak bukatu bezain pronto erabaki du udalak lanekin hastea, lanik handienak abuztuan egiteko eta herritarrei ahalik eta eragozpen gutxien sortzeko: "Hala ere, bizilagunei barkamenak eskatu nahi dizkiegu sor daitezkeen eragozpenenengatik".

Ia bi kilometroko bidegorri sarea

Bidegorria Bonberiaraino iristen denean, ia bi kilometroko bidegorri izango du Ordiziak.  Bidegorri zati hau Gipuzkoako Donostia-Beasain 3. ibilbideko zatia da, eta Asenjoren esanetan, Goierriri dagozkion lanak agintaldi honetan bukatuta egotea aurreikusten da. "Beasain aurten hasiko da bere zatiarekin, eta Itsasondo-Ordizia lotura, San Joango mugan, 2014aren hasieran egitea aurreikusten du Diputazioak. Lotura hau bukatuta, Goierriko ardatz nagusia eginda egongo da eta Tolosalde osoarekin lotura erosoa eta eraginkorra lortuko dugu".

CAF enpresak pasabidea jartzen duenean eta dagozkion urbanizazio lanak bukatu ondoren, Ordizia eta Lazkao artean dagoen Beasaingo ibilbide motz bat geratuko da lotzeko. CAFek  du hartua zati hori egiteko konpromisoa.

Asenjok gogoratu du aurtengo otsailean Jakintza Ikastolarainoko bidegorri zatia ireki zela, eta udazkenean zabalduko den zatia berriarekin, mugikortasun iraunkorraren alde

Ordiziako Udalak egindako apustua berresten dela. "Apustu horri bultzada berezia eman nahi diogu, auto pribatuaren aurrean oinezkoak, txirrinduak eta garraio publikoa lehenetsiz".

Skate parkeko pasabidea abuztuaren 5ean

Bestalde, Iban Asenjok iragarri du abuztuaren 5ean, iluntzean, ekarriko duela CAF enpresak Joseba Rezola pasealekua eta skate parkea lotuko dituen pasabidea.  "Teknikoki horren konplexua den lana bi astetan gauzatzea aurreikusten du enpresak. Pasabidea finkatu ondoren, urbanizazio lanari ekingo diote". Uztailaren 8ko astean hasi ziren langileak pasabidea jarri ahal izateko lehen lanak egiten, eta urrirako pasabidea erabilgarri eta urbanizazio lanak bukatuta egotea espero da.

Skate parkea duela bi urte, 2011ko apirilean, zabaldu zen, baina bertara iristeko pasabide egokirik ez dute izan gazteek denbora horretan. "Lan askoren ondoren, azkenean lortu da lanekin hastea. Herriko gazteek, besteak beste, urritik aurrera sarbide egokia izango dute skate parkera joateko, trenbidetik barrena haien bizia jokoan jarriz ibili gabe", amaitu du Asenjok.