Auzorako aukera egokiena hautatzeko bizilagunen parte-hartze prozesua egingo da

Ordiziako Buztuntza auzoko urbanizazioa guztiz eraberritzeko proiektua erredaktatzeko lizitazioa udal web atariko Kontratatzailearen profilaren atalean urtarrilaren 18an argitaratu zen. Lan hori burutu nahi duten enpresek euren proposamenaren memoria aurkeztu beharko dute otsailaren hasierarako. Auzotarrek euren ikuspuntua azaltzeko parte-hartze prozesua ere izango dute. Hala, lehenengo pauso honekin inguruaren eraldatzea martxan da.

Jose Miguel Santamaria alkateak Buztuntza bisitatu du ostiral honetan eta asmoa auzo guztia berritzea dela esan du. ‘Lehenengo ideia Buztuntza plaza berritzeko obra egitea zen, baina azkenean auzo osoaren proiektuaren hausnarketa eta erredakzioa egitea erabaki zen’, argitu du. Aurreko mendeko 70. hamarkadan eman zen inguru honetako garapen nagusia eta geroztik konponketa txikiak besterik ez dira burutu. Une honetan berritze-proiektu oso baten beharrean dago, beraz.

Zailtasunak ugariak dira. Horietako bat, proiektuaren handitasuna, eremua 79.000 metro koadrokoa baita. Zortzi hektarea eta 1.600 inguruko biztanle ditu, 50 baino gehiago atarietan bizi direnak. Horrez gain, bost plaza, Urdaneta ikastetxearen bi erakin, haur parkea eta gune berdeak daude. Oria ibaiaren eta trenbidearen artean dago kokatuta auzoa.

Tailerrak, galdeketa eta ekarpenak, auzotarrekin eta auzotarrentzat

Otsailean ezagutuko da proiektua erredaktatu eta parte-hartze prozesuaren kargu egingo den enpresaren izena. ‘Erredakzioa esleitu ondoren, enpresak hiru asteko epea izango du egungo egoeraren analisia eta mugikortasun azterketa egiteko. Ondoren parte-hartze prozesua jarri beharko da martxan. Hamalau astetan burutu beharko da eta beste hamasei izango dira exekuzio proiektua egiteko’, zehaztu du Santamariak.

Parte-hartze prozesua auzotarrei zuzenduko da. ‘Bilerak eta tailerrak, kale-galdeketa eta diseinurako lankidetza tailerrak  egingo dira. Jasotako ekarpenak kontutan hartuta emaitzak eta eremu bakoitzerako hiruna aukera aurkeztuko dira. Aukera hauekin erakusketa publikoa egingo da, auzotarren  iritzia jasotzeko txanda irekiz’. Exekuzio proiektua eta dagokion aurrekontua zehaztuta, Udalak erabakia hartu eta obra garrantzitsu hau kudeatu beharko du.

Buztuntza berritzeko proposamenarekin Ordiziaren hobekuntza orokorrari eremu bat gehitu nahi da. Udala beste auzoak ere hobetzeko esfortzua egiten ari dela gogoratu du, esate baterako, Altamira, Majori, Eskarabilla, San Joan edota San Bartolomen ekimen desberdinak burutu edo bultzatuz. ‘Udalerri erosoagoa eta modernoagoa eduki nahi dugu. Ordiziako biztanleria oso aktiboa eta dinamikoa da eta parte-hartzea eta ongizatea bermatu nahi ditugu, hau horrela izan dadin’, gogoratu du alkateak.