Erronka urbanistiko nagusiari aurre egiteko atea zabaldu da: trenbidea N-I errepide albora eramatea

Ordiziako Udalak ‘oso positiboki’ baloratu du, gaur, Sustapen Ministerioak Ordizia-Beasain trenbide saihesbidearen proiektu basikoa kontratatzeko egin berri duen deialdi publikoa. ‘trenbidea N-I errepide aldera eramatea Ordiziaren etorkizunerako aurrerapauso oso garrantzitsua da, herria bitan zatitzen duen traba fisiko nagusia desegiteak aukera berriak eskainiko dituelako ordiziarren ongizatea eta bizitza kalitatea bultzatzen eta hobetzen segitzeko’ esan de Jose Miguel Santamaria alkateak.

Trenbidea lekuz aldatzeko Sustapen Ministerioak egin behar duen estudioa lehen pausoa da San Bartolome auzoa (69.577 metro kuadro) eta Agarreko eremua (Trevijano ingurua, 63.355 m2) herri-gunean integratzeko. ‘2010ean hasi ginen gaia lantzen Ordizian eta, legealdi honen hasieratik egindako ahaleginari esker hau aurrera ateratzeko behar zen diru partida estatuko aurrekontuetan lortuta, mahaia gainean dago berriz’. Proiektua erredaktatzeko prozedura publikatzea pauso garrantzitsua da iniziatiba gauzatzeko’, nabarmendu du alkateak.

Zehatz-mehatz, gaur egungo trenbidearen 1.900 metroko ibilbidea aldatzeko N-I errepidearen ondora eramatea proposatzen da, 1.600 metro berri eta 260 metroko tunela eraikiz, gehienez 6.50 metro igoz. Tren geltokia ere lekuz aldatuko litzateke.

‘Pausoak ematen exijitzen duen erronka da. Albiste honek, beraz, ateak zabaltzen ditu trenbidea N-I parera eramateko egitasmoa egia bihurtzeko, San Bartolome herri-gunean integratzeko, auzoaren eskaera historikoa dena, eta Ordizia hobetzeko aukera berriak izateko’, esan du alkateak Santamariak.

Erronka urbanistiko nagusia

Hau guztiagatik alkateak gogoratu du proiektua gauzatzeak ‘aukera berrientzat gune bat’ ematen duela, bizitza kalitatea, erosotasuna eta ekipamenduak hobetzeko; baita ‘merkataritza, etxebizitza, aisialdia eta gune berdeak eskaintzeko eremu berria’ ere. Izan ere, gogoratu du, ‘Plan Orokor berriaren aurrerakinaren apustu handiena da, eta etorkizunerako desafio urbanistiko nagusia’, trenbideak gaur egungo egitura urbanoa ‘zatitu’ eta  garapen urbanistikoa ‘baldintzatzen’ baitu.  ‘Traba urbano hori kentzeaz gain, auzoa Rezola pasealekuaren parean jartzen da’, erantsi du. Hala, Ordiziako Udala proiektua aurrera ateratzeko ahaleginean ari da, beti ere berari dagokion  eskumenen baitan.

Une honetan tren geltokiko eta San Bartolomeko irisgarritasuna hobetzeko egiten ari diren obren inguruan ere mintzatu da. ‘Aukera hau izan genuen eta ezin genuen albo batera utzi egiteko beharra dugulako, jakinda trenbidearen toki-aldatzea ez dela berehala burutuko. Izan ere,  lanean ari gara Ordiziak aurrera egin dadin, gazteei aukerak emango dizkien udalerria izateko, etorkizuneko proiektuekin. Eta lanean segituko dugu etengabe trenbidearen saihesbidearen proiektua gauzatzeko, izan ere Ordiziak izango duen kalitatezko sarbide bakarra izango da eta barruko komunikazioak ere hobetuko ditu’.

*Irudian, sahiesbidearen proposamena Plan Orokorraren aurrerakinean agertzen den moduan