2015-01-12 agerrebideaGaur inauguratu da ofizialki bide berria

Abenduaren 24tik erabilgarri dago ibilgailu, oinezko eta txirrindularientzat CAF-Lazkaibar eta N-I lotzen dituen Agerrebidea edo Upabi izenez ezagutzen den errepidea. 270 metroko luzera du zati berriak, eta 11 metroko galtzada, 7 metrokoa ibilgailuentzat (bi noranzkoetan) eta 4 metrokoa oinezko eta txirrindularientzat. Aldundiak Udalarekin egindako hitzarmen batez bidez egin dira lanak eta guztira euro behar izan dira. Campezo enpresa aritu da lanean joan den abuztuaren 24tik errepide berria eraikitzen (507.000 euro kostatu dira lanak, BEZ barne). Era berean, lan hauek aprobetxatuz, beste jarduera bat ere egiten ari da Aldundia eta horren bidez gaur inauguratu den Agerrebideko bidegorria eta Goierri Eskola espaloi bidez lotuko dira; era berean Oiangu parkearekin lotura ere bermatuko du. Azken lan horiek 59.000 euroko kostua izango dute.

Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak, Igor Eguren Ordiziako Udaleko alkateak eta Iban Asenjo Ordiziako Udaleko Mugikortasun zinegotziak gaur goizean inauguratu dute ofizialki Agerrebideko errepide zati berria. Foru Aldundiak eta Udalak 2013ko abenduan sinatu zuten errepide hori egin ahal izateko hitzarmena, eta 2014ko lehen seihilekoan prozedura guztiak abian jarri ondoren, lau hilabetean bukatu dira lanak. Bi erakundeetako ordezkariak pozik azaldu dira errepide zati berriaren irekierarekin, eta ibilgailu, oinezko eta txirrindularien mugikortasuna eta segurtasuna hobetuko dela adierazi dute.

Larraitz Ugarte foru diputatuaren esanetan, N-I errepidearen eta GI-4491 errepidearen arteko lotura egitea oso positiboa izango da bai Ordiziara bai Beasainera loturak ezartzeko eta ondorioz, Aldundiaren errepide sarearen onerako. Halaber, adierazi du horrelako jarduerak egitea dela Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehentasuna, horrelako lanek bide segurtasuna asko hobetzen dutelako eta mugikortasunaren onerako direlako.

Bide hau irekita Ordiziaren aspaldiko nahi bat bete dela nabarmendu du Igor Egurenek. "Agerrebidea berritzea urte askoan mahai gainean egon den proiektu bat izan da, baina orain arte ez da gauzatu ahal izan. Sarrera-irteera berri bat izateaz gain, galiborik ez duen Ordiziako lotune bakarrean bihurtuko da (beste bietan, San Joanen eta San Bartolomen, altuera mugatua dago), eta CAF aldera doazen kamioi edo bestelako ibilgailuek sartu-irteera zuzena izatea bermatuko du. Inguruko herritarrei ere joan-etorria erraztuko die errepide berriak, eta aurrerantzean ohiko sarrera-irteera gune bihurtuko da erabiltzaile askorentzat". Egurenek esker hitzak izan ditu Foru Aldundiarentzat, lan hauek egin ahal izateko egindako ahalegin ekonomikoarengatik.

Mugikortasuna eta segurtasuna hobetuz
Ibilgailuen mugikortasuna eta segurtasuna ez ezik, oinezkoena eta txirrinduzaleena ere hobetu da obra honekin. Zazpi metroko galtzadan ibiligailuak bi zentzuetan dabiltza orain (errepidea oso estua eta arriskutsua zen lehen), eta lau metroko espaloian oinezkoak eta txirrindulariak. Obra egin aurretik errepideak ez zuen espaloirik, eta gaur gaurkoz gainera, CAF aldetik eta Eskarabillatik bertara iristeko oinezko guneak egokituta daude.

Oinezko bidea Goierri Eskolaraino
Eremu horretako lanak ordea ez dira bukatu Agerrebideren irekierarekin. Zati horren bidegurutzea (N-1aren ondean dagoena) eta Goierri Eskolaren azpialdean dagoena espaloi baten bidez lotzeko lanak egiten da orain Aldundia. Zati hori egindakoan, Goierrira, Garbigunera edo Oiangu aldera doazen oinezkoek ez dute zertan bide bazterretik ibili beharrik izango. Lan horiek datozen egunetan bukatuko dira.