2014-09-09 agerrebideaTrenbide gaineko zubitik N-1 errepiderainoko zatiak 270 metroko luzera du

Segurtasun arrazoiak direla eta, oinezkoei zein ibilgailuei gogorarazten zaie galarazita dagoela lanak egiten ari diren tokian ibiltzea

Abuztuaren azkenean hasi ziren N-I errepidearen eta GI-4491 errepidearen arteko lotura egiteko lanak. Agerre bidea edo Upabi bezala ezagutzen den 270 metroko bide zatia konpontzeko lanak Campezo enpresari esleituko dizkio Ordiziako Udalak, 380.942, 47 euroan, BEZa aparte. Lanak egiteko epea hiru hilabetekoa da, eta abendurako irekiko da errepidea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatu Larraitz Ugartek eta Igor Eguren Ordiziako alkateak iazko abenduaren 19an sinatu zuten N-1 errepidearen eta trenbide gaineko zubiaren arteko lotunea egiteko hitzarmena. Lanak bukatzen direnean, espaloien artean 7 metroko zabalerako bi norabideko galtzada egongo da eta beraz, autoak N-Ietik sartu eta atera egin ahalko dira aurrerantzean. Horrez gain, 4 metroko zabalera duen bizikleta eta oinezkoentzako ibilbidea egingo da.

Mugikortasuna eta segurtasuna hobetuz
Dagoeneko bukatuta daude Agerre bidearen zati bat zabaltzeko eta hobetzeko lanak, hain justu GI-4491 errepidetik hasi (CAF paretik) eta trenbide gaineko zubiraino. Ordiziako Udalaren eta Adif erakundearen lana izan da zatia hori egitea. Zubia ere ordeztu egin da, eta taula zabalagoko zubi berria egin da. Errepideak luzera guztian espaloia du alde batean eta bizikleta bidea bestean, oinezkoak eta txirrindulariak segurtasunez ibil daitezen.

Segurtasunari lotuta, Ordiziako Udalak ohartarazi nahi du galarazita dutela oinezkoek zein ibilgailuek obra egiten ari diren eremu horretan ibiltzea. Izan ere, obrak hasi zirenetik jendearen joan-etorria sumatzen da. Goardia Zibilaren kuartelera joan beharra daukatenek soilik igaro dezakete obrako hesia, CAFetik igota.

Ibilgailu askok erabiltzen duten bidea
Gaur egun Ordiziako udalerriak bi lotune ditu N-I errepidean: bat, GI-2133 errepidearekin lotzen da eta handik Majori ingurutik herrigunera iristen da eta ibilgailu arinak lotune horretatik herriguneraino iritsi daitezke, baina gainerako ibilgailuentzat galiboa mugatuta dago, trenbidearen azpiko pasabidean; eta bestea, hegoaldeko lotunea da, eta Mallutz poligonora, Lanbide Eskolara eta San Bartolome ingurura sartzeko erabiltzen da. Lotune horretatik ateratzen da, hain zuzen, Agerre bidea, eta trenbidea gurutzatu eta GI-4491 errepidearekin lotzen da Lazkaibarren.

Agerre bidea geografikoki ondo kokatuta dago Ordiziako mendebalera eta Beasaingo ekialdera zerbitzua emateko, eta lanengatik itxi arte ibilgailu askok erabili izan dute, nahiz eta estua eta irregularra den eta trenbidea gurutzatzeko zubiaren inguruko zatia aldapatsua. Muga fisiko horien ondorioz errepidea noranzko bakarrekoa izan da orain arte; N-I errepidera irteteko soilik. Bidea oinezkoek ere erabiltzen dute Goierri eskola inguruko joan-etorrietarako.

Aspaldiko nahi bat beteko da
Igor Eguren alkatearen esanetan, legealdi honetan egindako kudeaketaren eta lanaren emaitzaren ondorio da bide zati horren egokitzapena. "Proiektu honek irteera emango dio Ordizia hegoaldeko irteera deseroso horri, autoen joan-etorria ahalbidetuko da, eta Ordiziako herriak duen aspaldiko nahi bat bete egingo da. Udalaren lehentasunetako bat izan da gai hau agintaldi honetan bideratzea".

Larraitz Ugarte foru diputatuak hitzarmen egunean esan zuenez, Aldundiaren bi errepideen arteko lotura hobetzea oso positiboa izango da bai Ordiziara bai Beasainera loturak ezartzeko eta ondorioz, Aldundiaren errepide sarearen onerako.