2014-02-12 Urdaneta Altuna y Uria enpresari esleitu zaizkio lanak 498.000 euroan, eta udalak ekain bukaerarako amaituta egotea espero du

Astelehenean hasi ziren Urdaneta kalearen erdia oinezkoentzat bihurtzeko lehen lanak egiten, eta gaur bertan makinekin lanean hasi dira langileak. Proiektua bi fasetan egingo da: 2014an Diego Rivero kalearen bidegurutzeraino egingo da, eta bigarren fase batean Joseba Rezola kaleko bidegurutzeraino (Cibeles bezala ezagutzen den iturriraino).

Altuna y Uria enpresak egingo ditu lanak 497.948,36 eurotan (BEZ barne), eta udalak espero du ekain bukaerarako amaituta egotea lanak. Obraren zuzendaritza Mugikortasun Iraunkorrerako Plana diseinatu zuen Endara enpresak egingo du. Urdanetako lanen informazio bulegoa, berriz, Alondegian jarri dute, Dorrea etxearen barrenean, herritarrek izan ditzaketen kezkak argitu ditzaten.

Komertzio dezente dituen kalea da Urdaneta, eta Endara enpresak egindako planaren arabera, merkataritza sustatu nahi bada, nahitaezkoa da oinezkoei leku gehiago egitea. Hiru aukera jasotzen ditu planak (tartean kale osoa oinezkoentzat bihurtzea), baina udalak kale erdia oinezkoentzat bihurtzeko aukera lehenetsi du.

Proiektuaren ezaugarriak
Urdaneta kaleak 11 metroko zabalera du. Gaur gaurkoz, 7,25 metro errepideak eta luzerako aparkalekuek hartzen dituzte, eta bi espaloietarako 4 metro eskas geratzen dira. Horren ondorioz, autoak behar baino abiadura handiagoan igarotzen dira, bigarren lerroan aparkatzen da, eta oinez ibiltzea ez da erosoa.

Lanak egiten direnean, alde banatako espaloiek 2,5 metroko zabalera izango dute gutxienez, eta zabalera osoan ez da oztoporik egongo. Galtzada estuagoa izango da (3,5 metro), autoek bigarren lerroan aparkatzea eragozteko. Bi faseak aintzat hartuta, oinezkoentzako bost pasagune goratu eraikiko dira, haien artean 80 metroko tartea utziz.

Luzerako aparkalekuak kalearen bi aldetan txandakatuko dira, eta autoek bide bihurgunetsua egin beharko dute. Horren ondorioz, abiadura moteldu beharko dute ibilgailuek. Aparkalekuak zebrabide bakoitzean pasako dira alde batetik bestera. Gaur egun 61 aparkaleku daude, eta lanak egin ondoren 41 izango dira.

Denera 33 zuhaitz landatuko dira, 12 txorkoetan eta 11 jardineratan. Autobus geltokia (markesina) pixka bat beherago egingo da, eta atzetik datozen ibilgailuek autobusa aurrera dezaten zabaldu egingo da kalea.

Bestelako azpiegiturak
Euri urak eta ur zikinak banatu egingo dira proiektu berrian. Hiru hodi berri jarriko dira, bi teilatuetako ura jasotzeko eta bat kaleko urak jasotzeko. Ur hornidura fibrozementuzkoa da, eta fundiziozko bi hodi berri jarriko dira. Era berean, horman doazen argindarraren kableak lurperatu egingo dira, eta argiteriaren kanalizazio berria egin ondoren, LED motako farolak jarriko dira, energia eraginkorra sustatzearen aldeko politikan beste urrats bat eginez.