2014-01-29 Pasarelaren inagurazioaPasabidea zabalik dago urtarrilaren 7az geroztik, eta urbanizazio lanak otsailean zehar bukatuko dira

Ordiziak beste urrats bat egin du hiri antolamendua eta mugikortasuna hobetzeko bidean. Urtarrilaren 7az geroztik zabalik dago Joseba Rezola paselakua eta Lazkaibar lotzen dituen pasabidea. Oria ibaiaren gainean jarritako pasabide berri horrekin Skate-parkearen erabiltzaileen segurtasuna ere bermatu da. Azken urbanizazio lanak otsailean zehar bukatuko dira.

Ordiziako Udalak eta CAF enpresak 2008an sinatu zuten Upabi eremua antolatu eta urbanizatzeko hitzarmenaren barruan egindako proiektua izan da Skate-parkea eta Lazkaibar lotzen dituen pasabidea jartzea, eta haren bueltako urbanizazio lan guztiak. Hitzarmenak jasotzen duen bezala, CAF enpresaren ardura izan da lan horiek egitea eta finantzatzea.

Igor Eguren Ordiziako alkatea eta Iban Asenjo Mugikortasun eta Garapen Iraunkorreko zinegotzia lanak bisitatzen izan dira gaur. Egurenek eskerrak eman dizkio CAF enpresari lan hauek egiterakoan azaldu duen jarrerarengatik, eta nabarmendu du mugikortasun iraunkorraren bidean eta herritarren segurtasunaren bidean beste urrats bat egin duela Ordiziako herriak azpiegitura berri honekin.

"Pasabide berri horrekin Skate-parkearen erabiltzaileek, eta oro har, herritar guztiek, behar bezalako sarbide bat dute hilaren hasieraz geroztik eremu horretara inguratzeko, eta aldi berean, Ordiziako bidegorri sarea Lazkaibarreraino eramatea lortu da". Skate-parkea 2011ko apirilean ireki zen, eta denbora tarte horretan ez du sarbide egokirik eduki.

Pasabide berria jartzeko lanak iazko uztailean hasi ziren, eta abuztuaren 7-8an jarri zen pasabidea Oria ibaiaren gainean. 24 metro da luze, 6 zabalean (horietatik 4,1 metro dira erabilgarriak) eta 90 tonako pisua du. Twinson motako zorua du pasabideak, zurez eta pvc-z egina, eguraldi traketsaren aurrean irauteko aproposa. Pasabidea Joseba Rezola pasealekuko espaloia baino metro eta erdi gorago jarri behar izan da azkenean, Uraren Euskal Agentziak uholde arriskuak saihesteko emandako aholkuei jarraituz.

Alkateak nabarmendu du elkarlanaren emaitza izan dela azpiegitura berri hau edukitzea Ordizian, eta gogoratu du mugikortasunari lotutako beste bi lan garrantzitsu egingo direla aurten: Urdaneta kalearen erdia oinezkoentzat bihurtzea eta Agerre-bidea N-1 lotura. "Urdanetako lanak otsailean dira hastekoak, eta N-1 lotura urte bukaerarako egitea espero dugu. Udalak eta Foru Aldundiak hitzarmena sinatu zuten iazko abenduan, eta hitzarmen horren baitan 534.000 euro jarriko ditu Diputazioak".

Bidegorri sarea zabaltzen
Iban Asenjo zinegotzia ere pozik agertu da pasabide berri horrek oinezkoen eta bizikleten mugikortasunari ematen dion bultzadarekin. "Pasabide berri hau irekita, Ordiziako bidegorri sarea CAFeraino eta Lazkaibarreraino eramatea lortu dugu, eta Ordizia eta Lazkao artean dagoen Beasaingo bidegorri zati motz bat faltako da lotura egiteko. Ordiziar guztiei, eta bereziki CAFeko langileei, lantokira oinez edo bizikletaz joateko deia egin nahi nieke".

Mugikortasun zinegotziak gogoratu du iazko azaroan zabaldu zela tren geltokitik Bonberia pareraino doan 280 metroko bidegorri zatia. 97.728 euro kostatu dira lanak eta lan horiek finantzatzeko 55.000 euro bideratu zituen iaz Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Bidegorria Bonberia pareraino ekarrita, eta orain, pasabide berri honekin, 3.5 kilometroko bidegorri sarea du Ordiziak, udal honek mugikortasun iraunkorraren alde egiten duen apustuan sakonduz".

Bidegorri zati hau Gipuzkoako Donostia-Beasain 3. ibilbideko zatia da, eta Asenjoren esanetan, Goierriri dagozkion lanak agintaldi honetan bukatuta egotea aurreikusten da. "Itsasondo-Ordizia loturarekin, San Joango mugan, apirilean hastea aurreikusten du Diputazioak. Lotura hau bukatuta, Goierriko ardatz nagusia eginda egongo da eta Tolosalde osoarekin lotura erosoa eta eraginkorra lortuko dugu".