2012-12-19 Larraitz Ugarterekin UPABI sinatzenOrdiziak N-I errepidera duen sarrera-irteeretako bat egokituko da hitzarmen honen ondorioz

Gipuzkoako Foru Aldundiko Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako diputatuak eta Igor Eguren Ordiziako alkateak hitzarmena sinatu dute gaur, N-I errepidearen eta GI-4491 errepidearen arteko lotura egiteko, hau da, Agerre bidea edo Upabi bezala ezagutzen den bide zatia konpontzeko.

Bi erakundeetako ordezkariek proiektuaren inguruko xehetasunak eman dituzte. Gaur egun Ordiziako udalerriak bi lotune ditu N-I errepidean: bat, GI-2133 errepidearekin lotzen da eta handik Majori ingurutik herrigunera iristen da eta ibilgailu arinak lotune horretatik herriguneraino iritsi daitezke, baina gainerako ibilgailuentzat galiboa mugatuta dago, trenbidearen azpiko pasabidean; eta bestea, hegoaldeko lotunea da, eta Mallutz poligonora, Lanbide Eskolara eta San Bartolome ingurura sartzeko erabiltzen da. Lotune horretatik ateratzen da, hain zuzen, Agerre bidea, eta trenbidea gurutzatu eta GI-4491 errepidearekin lotzen da Lazkaibarren.

Agerre bidea geografikoki ondo kokatuta dago Ordiziako mendebalera eta Beasaingo ekialdera zerbitzua emateko, eta gaur egun ibilgailu askok erabiltzen dute, nahiz eta estua eta irregularra den eta trenbidea gurutzatzeko zubiaren inguruko zatia aldapatsua. Muga fisiko horien ondorioz errepidea noranzko bakarrekoa izan da orain arte; N-I errepidera irteteko soilik. Bidea oinezkoek ere erabiltzen dute Goierri eskola inguruko joan-etorrietarako.

270 metroko errepide zatia
Orain sinatutako hitzarmenaren bidez, inguru horretako arazoak konpondu nahi dituzte Aldundiak eta Udalak. Une honetan Ordiziako Udala eta Adif erakundea Agerre bidearen zati bat zabaltzeko eta hobetzeko lanak egiten ari dira, hain justu GI-4491 errepidetik hasi eta trenbide gaineko zubiraino. Zubia ere ordeztu egingo da, eta taula zabalagoko zubi berria egingo da. Errepideak luzera guztian espaloia izango du alde batean eta bizikleta bidea bestean, oinezkoak eta txirrindulariak segurtasunez ibil daitezen.

Lan horiek eginda, 270 metroko zati bat bakarrik gelditzen da zabaldu eta hobetzeko: trenbide gaineko zubitik N-I errepideko lotunerainoko zatia, eta hitzarmen honen bidez zati hori egokituko da.

Larraitz Ugarte foru diputatuak uste du Aldundiaren bi errepideen arteko lotura hobetzea oso positiboa izango dela bai Ordiziara bai Beasainera loturak ezartzeko eta ondorioz, Aldundiaren errepide sarearen onerako. Horregatik, erakundeen arteko lankidetza hitzarmena egin dute Ordiziako Udalak eta Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako Departamentuak.

Igor Egurenek eskerrak eman dizkio Ugarteri hitzarmena sinatu ahal izateko izandako prestutasunarengatik, eta adierazi du azken bi urte eta erdian egindako kudeaketaren eta lanaren emaitza izan dela akordio hau. "Proiektu honek irteera emango dio Ordizia hegoaldeko irteera deseroso horri, autoen joan-etorria ahalbidetuko da, eta Ordiziako herriak duen aspaldiko nahi bat bete egingo da. Udalaren lehentasunetako bat izan da gai hau agintaldi honetan bideratzea".

Hitzarmenaren xehetasunak
Hitzarmenaren ondorioz, honakoa izango da bide berria:

• Espaloien artean 7 metroko zabalerako bi norabideko galtzada egongo da eta beraz, autoak N-Ietik sartu eta atera egin ahalko dira aurrerantzean.
• 4 metroko zabalera duen bizikleta eta oinezkoentzako ibilbidea egingo da.

* Planoa

Hitzarmen honetan 534.000 jarriko ditu Aldundiak. Hala ere, azken esleipen prezioa zenbatekoa izango den ikusi beharko da, eta honi lurren desjabetzea gehitu beharko zaio. Behin lurrak desjabetu eta esleipena egin ondoren, lanak egiteko epea 5 hilabetetakoa izango da.