2013-11-18 Plazako komunakAuzoz auzo dinamikaren barruan auzotarrek egindako eskaeretako bat da

Ordiziako Udalak sustatutako Enplegu Planaren bitartez kontratatutako langileek joan den astelehenean, gaur zortzi, ekin zioten Plaza Nagusiaren ondoko komun publikoak berritzeko lanei. Udalak iaz egin zuen Auzoz auzo dinamikaren barruan, Erdiguneko herritarrek egindako eskaeretako bat izan zen komunak berritzea, eta azaro-abendu bitartean lan gehienak amaitzea espero du udalak.

Joan den astean komun zaharrak botatzen, obra-hondakinak ateratzen eta hoditeria garbitzen aritu ziren langileak, eta aste honetan bertan igeltserotza lanekin hasi dira. Irisgarritasun baldintzak betetzen dituen komun itxi bat, pixatoki bat eta konketa bat izango ditu komun publiko berriak. 36.000 euroko aurrekontua dute lan horiek.

Auzoz auzoko bosgarren aktuazioa
Ordiziako Udalak 100.000 euro zertan gastatu erabakitzeko iaz egin zuen Auzoz auzo prozesuan lehenetsi ziren sei proiektuetako bat zen komun publikoak berritzea. Udaberrian, Otegi-Enea auzoan ezinduetako arrapala (ranpa) eta landare-hesi berriak jarri ziren eta Altamirako Okorro parkea ere konpondu zen. Udazkena iristearekin bat, Altamira auzotik irteteko Zumalakarregi kaleko zuloa ere konpondu zen eta aurreko astean hasi ziren komunak berritzen. Datozen asteetan Eskarabilla auzoan haur parke berri bat jartzen hasiko da udala, Goierriko Baratza dendaren aurrealdean. Hori izango da seigarren eta azken aktuazioa.