IMG 3782Oiangu Bizirik plataformak ekainaren 27ko osoko bilkuran egindako eskariari erantzunez hartu du erabakia Gobernu Batzordeak

Ordiziako Udalak Oianguko golf proiektuaren esleipenaren inguruko ikerketa batzordea osatuko du. Joan den astelehenean, uztailaren 15ean, egindako Gobernu Batzordeko bileran hartu du udalak ikerketa batzordea osatzeko erabakia. Batzordea irailean jarriko da martxan, eta Izaro Intsausti Ogasun eta Partaidetza zinegotziaren esanetan, datozen egunetan erabakiko da batzordea nola osatu. Udalaren asmoa da auziarekin zerikusia edo interesa duten eragileen iritziak jasotzea eta dauden informazioekin kontrastatzea batzorde honetan.

Oianguko golf proiektuaren esleipenerako Elkargik bere garaian eman zuen abalaren itzulketaren puntuaren berri eman zuen Igor Eguren alkateak ekainaren 27ko osoko bilkuran, eta horren inguruan, Oiangu Bizirik plataformak esleipen horren inguruko informazio eskaera eta abalaren itzulerak sortuko dituen ondorioen ardura nork duen azaltzeko eskaera egin zion Udalari. Eskari horri erantzunez erabaki du udalak batzorde hori sortzea.

Elkargiri 120.000 euro itzuli beharko dizkio udalak
Ordiziako Udalak 2005. urtean eman zion Ikengu 05 SL enpresari Oianguko aisialdi gunea kudeatzeko kontzesioa. Elkargik 120.000 eurorekin abalatu zuen orduan Ikengu 05 SL enpresa. 2010. urtean, ordea, proiektuak porrot egin zuen, eta Elkargik ez zuen proiektua hartu nahi izan. Horrez gain, berme modura jarritako dirua itzultzea eskatu zuen, eta auzibideari ekin zitzaion.

2012ko otsailean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen Ordiziako Udalak ez zuela zertan berme hori ordaindu beharrik. Elkargik, ordea, apelazio helegitea aurkeztu zuen Donostiako Administrazio Auzien 3. zenbakiko epaitegian. Auzitegi horrek Elkargiren helegitea aztertu eta aintzat hartu ondoren, 2013ko apirilaren 13an kaleratu zuen epaia, udala 120.000 euroko abal hori gehi 18.000 euroko interesak itzultzera behartuz, 138.000 euro guztira. Epaia irmoa da, eta ezin da helegiterik jarri.

Oianguko teilatuaren lanak bukatzear
Horrez gain, Oianguren baserriko teilatuaren berritze lanen berri emateko ere baliatu du gaurko agerraldia Ordiziako Udalak. Oianguko partaidetza prozesuan lehenetsi zen proiektuetako bat izan zen teilatua berritzea. Ekainaren bukaeran hasi ziren teilatua berritzeko lanak, eta datorren asterako bukatuta izatea espero du Udalak. Aurreko teilatua egoera oso txarrean zegoen, eta itoginak ere nabarmenak ziren hainbat gunetan. "Lan horiekin Oianguko parte hartze prozesuan hartutako erabakietako bat bete da eta, horrekin batera, oso hondatuta hartu genuen baserriaren konponketa lanekin hasi gara", adierazi du Iban Garapen Iraunkorreko zinegotziak. Teilatua berritzea 32.835 euro kostatu da.

Partaidetza prozesuan adostutako beste lan bat Oianguren parkeko mahai, aulki eta gainerako ondasunak berriztatzea zen. Lan horiek ekainean zehar egin dituzte Ordiziako Udalak sustatutako Enplegu planaren bitartez sei hilabeterako kontratatu diren langileek.

Azkenik, esan, Aranzadi Zientzia Elkartearekin Ordiziako Udalak hitzarmen bat sinatu duela Oianguren parkearen inguruan dagoen bioaniztasuna aztertzeko. Azterketa horren ondorioak eta egin beharreko ekinbideak irailean aurkeztuko dizkio Aranzadik udalari. Hitzarmena 14.000 eurokoa da.