AHOZ AHO JAIALDIAREN BARRUAN VII IPUINEN AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETA

AHOZ-AHO 2019  (AHOZKOTASUNAREN NAZIOARTEKO JAIALDIA) / AHOZ-AHO AHOZKOTASUNAREN NAZIOARTEKO JAIALDIA iritsi da beste behin. Eta, berriro ere, zeuk ere parte hartu dezakezu...  “KONTATU GUREKIN!” VII IPUINEN AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETA .Istorio bat, ipuin bat... kontatu nahi diguten pertsona guztiei irekitako lehiaketa. Zeu bezalako pertsonei. Ahozkotasunaren Unibertsoa zeurea ere badelako. Lehiaketa martxoaren 9an, larunbata, izango da, 19:00etan, D´ELIKATUZ GUNEAN. Parte hartzaile bakoitzaren narrazioak zortzi minutu iraungo du gehienez. Epaimahaiaren erabakiaren eta Publikoaren botoaren bidez, hiru narratzaile hautatuko dira Ahozkotasunaren Gala Handian parte hartzeko, BARRENA JAUREGIAN, martxoaren 29an, ostirala, 22:00etan.

"JAVIER ORMAZABAL. OROIMENEZ", JAVIER ORMAZABALEN MARGOLANEN ERAKUSKETA BARRENAN

Otsailaren 25etik martxoaren 15era bitartean. Inaugurazioa: otsailaren 22a, 19:00etan. / Ordiziako parrokia katekesiak eta Santa Ana abesbatzak antolatuta Ordiziako Udalaren lankidetzarekin: otsailaren 25etik martxoaren 15era bitartean, Barrena Kultur Etxeko erakusketa-aretoan. Javier Ormazabalen lanen erakusketa bitxia, berezia eta kuttuna izango da, iaz zendu zen apaizari egindako omenaldia eta oroitzapena izan nahi duen erakusketa. Erakusketa zabalik egongo da astelehenetik larunbatera, 18:00etatik 20:00etara. Inaugurazio-ekitaldia hilaren 22an (ostirala), 19:00etan izango da, eta horretan Javierren oroimenezko ekitaldi  xume bat egingo da. Bertan egongo dira Santa Ana Abesbatza eta Ordiziako Txistulariak

OSTIRALEAN "RITA" KOMEDIA ARRAKASTATSUA HERRI ANTZOKIAN

Ostirala honetan, hilaren 15ean, Ordiziako Herri Antzokian "Antzerki garaia" programaren hirugarren saioa izango dugu ikusgai, eta oraingo honetan Txalo produkzioak aurkeztuko duen "Rita” lanarekin. "Antzerki garaia" egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin.

Aktoreak Aitziber Garmendia eta Joseba Apaolaza dira, eta zuzendaria Begoña Bilbao. Lanaren egilea Willy Russel da eta euskarazko itzulpena Martin Agirreren esku joan da.Frank, Unibertsitateko literatura irakasleari, ikasle berri bat etorri zaio: Rita, pelukera. Ikasleak, Macbeth taberna baten izena dela uste du eta Hamlet, berriz, zerbeza marka bat. Irakaslea etsiak jota dagoen poeta da, amore emandakoa, baina Ritak ikasteko duen grina asetzeko prest dago. Ikasleak ikastea maite du eta irakasleak maitatzen ikasiko du. Sarritan ikaslea bera izan ohi da irakaslerik onena.

LIBURU BABY KLUBA EKIMENAREN SAIO BERRIAK UDAL LIBURUTEGIAN

Saioak Udal Liburutegian egingo dira, otsailaren 12an eta apirilaren 2an goizez (10:30 h) eta martxoaren 12an eta maiatzaren  7an arratsaldez (17:00 h.).

Liburu Baby Kluba ekimenak,  “Ordizia Hiri Hezitzailea” programaren barruan garatzen dena jarraituko du Udal Liburutegian;  Udal Liburutegiak sustatzen du eta urtean zehar Liburutegi berak bultzatzen duen ipuinkontaketen saioei gehitzen zaio.

Liburu Baby Kluba 0 eta 3 urte bitarteko umeei zuzenduriko jarduera ludiko eta didaktikoa da. Umeak heldu batekin egongo dira eta azken honek jardueran ere parte hartuko du. Jarduaren ardatza eta abiapuntua liburua da. Jarduera honen helburu nagusia umeengan txikitatik eta beraien familiengan literatura, musika, artea eta naturarekiko interesa piztea da. Liburu Baby Kluba jarduera kulturanitza da eta horregatik, euskaraz, gazteleraz eta ingelesez garatzen da.