IPUINAK ETA ZIRKOA PROTAGONISTAK LARUNBATA HONETAN AHOZ AHO JAIALDIAN.

LUPE LEKUONA (EUSKAL HERRIA) ETA  MARIETA SANCHEZ (KUBA) LARUNBATA HONETAN BARRENA KULTUR ETXEAN (17:00 H.). ETA JARRAIAN PLAZA NAGUSIAN ETA GARAGARTZA PLAZAN “NON DAGO KARPA?” ZIRKO KALEJIRA ORAIN-BI ZIRKO TALDEAREKIN.

Ahoz-Aho jaialdiaren edizio berriak, ahozko tradizioko kontakizunak, literatur narrazioak, joko eszenikoak, poema musikatuak, deklamatutako bertsoak, hitz-jokoak eta beste ikuskizun mordo bat ekarriko dizkigu Ordiziara, denak ere ipuinetan oinarritutakoak. Ahoz Aho jaialdia pasa den martxoaren 9an hasi zen, VII Narrazio lehiaketarekin, eta larunbaterako programa bikoitza iragarri du.

Hainbat estilo eta hainbat forma, gure mundu anitz, mestizo eta kultura askotarikoaren erakusgarri. Kultura desberdinak, mundu ikuskera desberdinak, jarri nahi dira aurrez aurre, mendean hartu nahi gaituen kultur globalizazioari ihes eginez. Elkar ezagutzea da helburua, harremanak ezartzea eta areagotzen ari den mestizaje aberasgarria onartzea, bakoitzak bere izateari eutsiz.

OSTIRALEAN “EMAKUMEAK ETA LANA ORDIZIAN (1880-1980): GENERO-IKUSPEGI BAT” LIBURUAREN AURKEZPENA BARRENAN

Eguna: Ostirala, martxoak 22 / Ordua: 19:00etan / Tokia: Barrena Kultur Etxea  Datorren ostiralean, Barrena Kultur Etxeko Areto Nagusian,  Beatriz Gallego Muñoz ikerlariaren “Emakumeak eta lana Ordizian (1880-1980): genero-ikuspegi bat”   liburua aurkeztuko da. Lana IV. Victor Mendizabal bekaren emaitza da.Beatriz Gallego Historian lizenziatua da, baita Antropologia Sozialean eta Kulturalean ere.

Ikerketa honen helburua XIX. mendearen amaieratik hasita XX. mendearen amaierara arte Ordizian emakume langileek izan zuten funtzioa aldarrikatzea da -herriaren industrializazio prozesuan bereziki, baina partaidetza handiagoa izan zuten beste sektore batzuetan ere bai-, herriaren garapen ekonomiko eta sozialari egindako ekarpena ikusgai jartzeko xedez. Horretarako erabili den metodologiak bibliografia eta dokumentazioaren azterketa uztartzen ditu, baina gehien bat ahozko iturriak erabili dira.

LIBURU BABY KLUBA EKIMENAREN SAIO BERRIA ASTEARTEAN UDAL LIBURUTEGIAN

Saioa Udal Liburutegian egingo da, datorren asteartean, hilaren 12an arratsaldeko 17:15ean.

Liburu Baby Kluba ekimenak,  “Ordizia Hiri Hezitzailea” programaren barruan garatzen da. Udal Liburutegiak sustatzen du eta urtean zehar Liburutegi berak bultzatzen duen ipuinkontaketen saioei gehitzen zaio.

Liburu Baby Kluba 0 eta 3 urte bitarteko umeei zuzenduriko jarduera ludiko eta didaktikoa da. Umeak heldu batekin egongo dira eta azken honek jardueran ere parte hartuko du.

AHOZ AHO JAIALDIA VII. IPUINEN AHOZKO NARRAZIO LEHIAKETA LARUNBATEAN D'ELIKATUZ GUNEAN

Martxoak 9, larunbata, 19:00 h. D’Elikatuz gunean /  Pasa den ostiralean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean Ordizian antolatzen den AHOZ AHO Nazioarteko Ahozkotasun jaialdiaren aurkezpena egin zen. Aurkezpenean egon ziren May Gorostiaga Intujai Antzerkia talde antolatzailearen ordezkaria; Patxi Puñal KM Kulturguneko zuzendaria, Joseba Aranburu Ordiziako Udaleko Kultur zinegotzia eta Joxemari Carrere kontalaria.

Jaialdiak, kontalaritza ardatz hartuta, ahozkotasunaren bestelako adierazpenak eskaini ohi ditu ere, hala nola, kantuak eta bertsoak. Gorostiagak, talde antolatzailearen arduradunak, egitarauaren xehetasunak azaldu zituen, ekitaldiez gain parte hartuko duten artisten ezaugarriak zehaztuz. Partaide gehienak Euskal Herrikoak izanik, nazioarteko hiru partaidek ere aurkeztuko dituzte euren ikuskariak. Kolonbiatik Nikolas Buenaventura, Venezuelatik Rubén Martínez eta Kubatik Marieta Sánchez; hirurak ere arras ezagunak eta ibiliak kontalaritzaren nazioarteko zirkuituetan. Emanaldiez gain kontaketa bi ikastaroen berri eman zuen, bata haurrentzat zuzendua Maider Alzelaik eskainia eta bigarrena helduei zuzendua Rubén Martínez venezuelarraren eskutik.

Patxi Puñalek Aldundiaren izenean mintzatu zen, halako kultur ekimenen garrantzia goraipatuz, eta ahozkotasunaren garrantzia azpimarratuz, Aldundiko Kultur sailaren aldetik. Bide beretik mintzatu zen Joseba Aranburu Ordiziako kultur zinegotzia. Ordiziako kultur bizitzaren ekitaldi garrantzitsua bihurtu da jaialdia Udalaren aldetik halako ekimenen garrantzia azpimarratuz eta Barrena Jauregian egingo den Ahozkotasunaren Gala Nagusira guztiok gonbidatuz.

May Gorostiagak aipatu zuen ere jaialdia bertan antolatzen den Ipuin Narrazio Lehiaketak hartu duen garrantzia, izan ere beste urtetan parte hartutako hainbat kontalarik orain ohiko egitarauan ikus daitezkeelako.

Eta Jaialdia “KONTATU GUREKIN!” VII. IPUINEN AHOZKO NARRAZIO lehiaketarekin zabalduko da. Istorio bat, ipuin bat... kontatu nahi diguten pertsona guztiei irekitako lehiaketa zabaldu da. Lehiaketa larunbata honetan, martxoaren 9an izango da, arratsaldeko 19:00etan, Ordiziako D’Elikatuz gunean.

Parte hartzaile bakoitzaren narrazioak zortzi minutu iraungo du gehienez. Epaimahaiaren erabakiaren eta Publikoaren botoaren bidez, hiru narratzaile hautatuko dira Ahozkotasunaren Gala Handian parte hartzeko, BARRENA JAUREGIAN, martxoaren 29an ospatuko dena. Galan, hiru sailkatuek beren istorioak kontatuko dituzte berriro, Ahozkotasunaren Nazioarteko Jaialdia aurten osatuko duten gainerako izarrekin batera. Epaimahaiak eta Publikoaren botoak sailkapena erabakiko dute, eta 300 euroko saria emango zaio irabazleari, 200 eurokoa bigarrenari, eta 100 eurokoa hirugarrenari.

Lehiaketarekin batera musika proposamen berezia entzuteko aukera izango dugu, Felipe Ugarte musikariarena. Felipe Ugarte musikaria eta diziplina askotako sortzailea da, eta 1996an Ugarte Anaiak txalaparta-bikotea sortu zuen anaiarekin. 2002an lehendabiziko CDa kaleratu zuten, Ttakunetan, eta 2003an bigarrena, Iluani-Erren. Azken urte hauetan oholak eta makilak alboratu, eta metalezko doinuak sortzen ibili da azken urteotan. Altzairuz egindako bells musika tresna ezagutu du, instrumentu berri bat da, instrumentu tradizional batzuen fusioa. Perkusioa egitea ahalbidetzen duen euskarria da Bellsa. Metalezko biribil bat da, eta mailatuak dauzka nota ezberdinak interpretatzeko.

Martxoan Ordizia kontalaritzaren hiriburua bihurtuko da eta larunbata honetan lehenengo hitzordua D’Elikatuz gunean, VII. Ipuinen Ahozko Narrazio Lehiaketa. Sarrera dohan.