KARTELA POTTOLA DEFINITIVO TX"Antzerki garaia" programako hirugarren muntaia 

Txalo Produkzioak Herri Antzokira "Pottola" lana ekarriko du ostirala honetan, gaueko 10:15ean. "Antzerki garaia" programaren barruko antzezlana da, eta Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailekin antolatzen da. Programa hau Euskadiko Antzerki Sarearen barruan sartzen da eta Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailen laguntza jasotzen du .

"Pottola" Neil Labute antzerkigilearen komedia bat da, eta munduan zehar antzeztuta, arrakasta handia izan du kritikari nahiz ikusleen artean. Estatu Batuetako antzerki mundutik azken hamarkadatan sortutako izen garrantzitsuenetakoa da Neil Labute. Komedia mingotsa eta drama gogorraren artean mugitzen den pertsona, zine munduan ere tartea egin du.

"Pottola' antzezlana 2004. urtean aurkeztu zuen eta gaurko egokitzapena Begoña Bilbaorena da. Aktore lanetan Lur Korta, Aitor Fernandino, Joseba Usabiaga edo Egoitz Sanchez, eta Ainhoa Garai arituko dira.

Gaur egungo gizartean irudiaren inguruan ditugun aurreiritziez dihardu antzezlanak. "Pottola" komedia garratza da, dramatikoa. are gehiago, krudela ere bada, eta ironiaz dihardu kontu hauetaz: nerabe mukizuen moduan jokatzen duten helduaz, eta itxurak alde batera utzita benetan uste eta maite dugunaren alde egiteak duen garrantziaz.

Gorka gizon arrakastatsua da. Helenarekin maitemindu da erabat, emakume adimentsu, atsegina eta sentsuala baita; gainera, emakume dibertigarria da eta behar baino 30 bat kilo gehiago ditu. Helenarekin harremanetan hasi dela jakitean, bere lagunak diren Charly eta Sara zirika hasi zaizkio Helenari buruzko iritzi krudelak tarteko, eta esandako horiek eragin itzela dute Gorkarengan, hark ematen duen arrakasta irudiaz duen obsesioagatik. Helenarekin duen harremanaren alde egitera behartuta, Gorkak itxurari buruz dituen kontzeptuei egin behar die aurre, ahal duen bezala, harik eta erabaki bat hartu arte. Izan ere, bizitza honetan arrakasta izateaz gain, itxurei ere eutsi egin behar zaie.

Ostiral honetan, hilak 15a, gaueko 10:15etik aurrera, Ordiziako Herri Antzokian izango dugu aukera errealitatea isladatzen duen komedia krudela eta dibertigarria ikusteko, "Pottola" lana. Sarrerak salgai Barrena Kultur Etxean.