ESAMOF190recEkitaldia Goen Plazan ospatuko da arratsaldeko 19:00etan

Datorren apirilean hamar urte beteko dira Jorge Oteiza artista handia hil zela. Bere obrak, ordea, gure baitan jarraitzen du. Eta datorren asteartean, San Jose egunean, martxoaren 19an, 15 urte beteko dira Goen Plazan Oteizaren eskultura inauguratu zenetik. Aitzaki horiekin Udalak, Kultura Sailaren bidez, ostiral honetarako, arratsaldeko 7etan, ekitaldi xume bat antolatu du Oteizaren oroipenean Goen Plazan Kukai/Tanttaka taldeen proposamenarekin.

Egin dezagun historia labur bat. 1995. urtean Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak Jorge Oteizarengandik "Conjuncion ternaria 1 sobre 2.Nikolas Lekuonari Omenaldia" deitutako eskultura eskuratu zuen eta 1997. urtean Oteiza berak aipatu zuen eskultura hori Ordizian jartzeko, hain zuzen ere Nikolas Lekuona aparejadore eta artistaren jaioterria. Aparejadore Elkargoaren eta Udalaren oniritzia jasota, Jorge Oteizak berak aukeratu zuen Goen Plaza bere eskultura kokatzeko, hain zuzen ere plaza horretan 2. zenbakian Jose Sarriegiren langela zegoena, 1934 urteko udan Oteiza eta Nikolas Lekuona artista ordiziarraren elkargunea.

Epealdi horretan, Aparejadore Elkargoak lana ematen duenetik Ordzian lan horren eskala handitua kokatzen den arte, Jorge Oteizak beste bi ordiziar sartu nahi ditu omenaldian: Jose Sarriegi artista eta laguna, eta Mª Dolores Gonzalez Catarain "Yoyes", Oteiza hunkituta zuen pertsonaiak.

1998ko urtarrilaren 20an, Jorge Oteizak berak bere eskulturaren kokapen lanak zuzendu zituen. Lana martxoaren 19an ireki zen edo inauguratu zen ofizialki, egilea bertan ez zegoela, eta Lekuona, Sarriegi eta "Yoyes" etxekoak, Kulturako Foru diputatua eta orduko alkatea Juan Vicente Erauskin, bertan zeudela

Oteizaren eskulturak, poesiak, esanak...Kukai eta Tanttaka konpainiek, Oteizaren heriotzaren hamargarren urteurrena gogoratu nahi dute, artista handi honen lana eta irudia gogora ekartzeko. Oteizak berak sortutako eskulturen eta OTEHITZARI BIRAKA ikuskizunean oinarritutako emanaldi baten arteko bat egitea da proposamena.
Oteizak sortutako espazio horietan dantza, musika, Oteizaren hitzak, poesia, ... bilduko dira.

Ekitaldia ostiralean, arratsaldeko 19:00etan hasiko da Goen Plazan. Bertan Amets Bide eta Urdaneta Dantza taldeak agurra eskainiko dute Oteizaren oroipenean eta segidan Kukai-Tanttakakoek bere ikuskizuna aurkeztuko dute Goen Plazan.